Balea groenlandiarrak hain luze bizitzearen arrazoietako bat DNAren mutazioak konpontzeko gaitasuna izan liteke, Naturen argitaratu duten ikerketa baten arabera. Emaitzak garrantzitsuak izan litezke zahartzearen eta bizitza-luzeraren mekanismoak hobeto ulertzeko.
Balea groenlandiarra (Balaena mysticetus) ezagutzen den animalia handienetakoa izateaz gain (80 tonatik gora), gehien bizi denetako bat ere bada: 200 urtetaraino. Tamaina eta bizitza-luzera horiekin espero litekeen arren minbizia izateko joera handia izatea (DNAn mutazioak gertatzeko aukera handiagoa izango litzatekeelako), datuek ez dute horrelakorik erakusten.
Ikertzaileek baleen zelulek, estimulu onkogeniko bat eragitean (adibidez, izpi ultramoreak), minbizi-zelula bilakatzeko daukaten probabilitatea aztertu zuten. Eta ikusi zuten baleen zelulek gizakienek baino mutazio gutxiago izan zituztela. Horrek iradokitzen du DNAn izandako kalteak konpontzeko gaitasuna dutela. Hain zuzen ere, DNA konpontzeko prozesuak aztertu zituztenean, ikusi zuten kate bikoitzeko hausturak gehiago eta hobeto konpontzen zirela baleen zeluletan.
DNAren konponketarekin lotutako proteina bat ere identifikatu zuten, eta ikusi zuten proteina horrek DNAren konponketa hobetzen duela giza zeluletan, eta bizialdia luzatzen duela fruta-eulietan.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.







