}

Bakteriozko pila garbitzaileak

2002/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

AEBetako Oregon Estatu-unibertsitateko ikertzaileek zabor organikoa digeritzean energia sortzen duten mikroorganismoak atzeman dituzte. Geobacteraceae familiako bakterioek itsasoko karbono-jalkinetatik elektroiak erauzten dituzte beren metabolismorako ezinbestekoa den karbono dioxidoa lortzeko. Normalean, itsas hondoko burdinan edo sulfato mineraletan uzten dituzte elektroiak besterik gabe. Baina berdin-berdin utz ditzakete zirkuitu elektriko baten elektrodoan. Horrela, elektrodo bat itsas hondoko jalkinetan eta bestea gaineko uretan utziz, pila elektrikoa lortzen da.

Halaber, familia bereko ur gezako bakterioek gauza bera egiten dutela ikusi dute ikertzaileek, eta olioz poluitutako akuiferoetan edo estolda-uretan haz daitezkeela diote. Horrela, poluitzailea degradatzeaz gain, elektrizitate apur bat ekoitz omen dezakete.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia