}

Bakterioen genoma ugaztun-
-zeluletan

2001/11/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hainbat ikertzaileren ustean, giza genomaren zati batzuek bakterioetan eduki dezakete jatorria. Ahaleginak egin badira ere, orain arte ez dute hori egiaztatzen duen aztarna garbirik lortu; ondorioz, genetisten artean eztabaidagaia izan da azken urteotan.

Eztabaida joan den hamarkadan piztu zen, bakterioak beren ADNa landareei transferitzeko gai zirela jakin zenean.Adibidez, Escherichia coli bakterioaren ADNaren zati bat (plasmidoa) legamiaren genoman barneratzen zela ikusi zuten ikertzaileek laborategian. Geroztik ugaztunen zeluletan ere antzera gerta zitekeela uste zuten arren, orain arte ez zen frogatzerik izan.

Berdez, bakterioak transferitutako ADNa.

Nature Genetics aldizkariaren abenduko alean ordea, zalantza argitzen lagunduko duen Virginia Waters-en lana argitaratuko da. Kaliforniako Unibertsitateko genetista horrek laborategietan oso ohikoa den ugaztunen zelula-lerroa erabili du, hamster txinatarren obulutegiko zeluletatik eratorria hain zuzen ere. Zelula-kultura horri bakterioak gehitu dizkio eta 10.000 ugaztun-zelulak bakterioaren plasmidoa barneratu dutela egiztatu du. Gainera, zelulek bakterioen geneak ez dituztela beste era batera bereganatu ziurtatu du. Izan ere, batzuetan zelula eukariotoek bakterioa inguratu eta bereganatu egiten dute. Aukera hori saihesteko, mintz zelularretik kanpoko ADNa desagerrarazten duen entzima gehitu zuen. Horrela, bakterioen ADNa plasmidoen bidez transferitu dela ziurtatzen du.

Ikerketa horrek giza genomaren inguruko eztabaida argitzen lagunduko du. Zalantzarik gabe, ondorio garbiak izateko ikerketa gehiago egin behar dira, baina behintzat pauso garrantzitsu bat eman da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia