Bakterioen barrunbeetan ezustekoa topatu dute
2001/03/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Filamentu luzeen itxurako aktina proteinen ehundurak osatzen du batez ere zelula eukariotoen zitoeskeletoa. Bakterioek zelula-forma gordetzeko geneak dituzte, baina gehienek zelula-paretaren osaketan hartzen dute parte eta ez barne-egituraketan. Oxford-eko Unibertsitatean egin duten azterketa batean, ordea, Jeffrey Errington mikrobiologoak eta bere taldekideek aktina kodetzen duen genearen antzeko bi gene ikusi dituzte.
Bakterio arruntekin (ezkerreko goialdekoa) alderatuta, mreB ez dutenak (ezkerreko behealdekoa) puztu egiten dira, eta mbl ez dutenak (eskuineko biak) okertu egiten dira.Beren ikerketan, Bacillus subtilis bakterioaren geneek zer kodetzen duten jakiteko banan-banan kendu zituzten. Horrela, mreB izeneko generik gabe, bakterioak bere zabalera ezin zuela kontrolatu ikusi zuten; bakterioa ingurunean puztu eta azkenean hil egiten zen. Eta mbl genearen faltan, zilindro-itxurako bakterio horrek ezin zuen bere luzera kontrolatu eta okertu eta bihurritu egiten zen.
Ikertzaileek gene horiek bakterioak bere itxura manten zezan beharrezkoak zirela egiaztatu zuten, baita helize handiak eratzen zituzten proteinak kodetzen zituztela ere. MreB geneak kodetutako proteina-helizea bakterioaren zabaleran alderik alde kokatzen da. Mbl geneak kodetutako proteina-helize bikoitzaren espirala, aldiz, mutur batetik bestera luzetara dago. Beren itxurak eukarioteen zitoeskeletoaren antza du.
Gainera, mreB genearen motakoak forma zehatz batzuetako bakterioek bakarrik dituztela ikusi dute. Adibidez, era horretako geneak zilindro- edo filamentu-itxurako bakterioetan daude, baina ez bakterio biribiletan. Dirudienez, gene horien gabeziak forma biribila izatea erabakitzen du. Bestalde, mreB eta mbl geneek zelula-pareta eratzen duen sistemarekin batera parte hartzen dutela uste dute ikertzaileek.
Ikertzaileen ustean, lan horrek bakterioak eta zelula eukariotoak uste baino antz gehiago erakusten du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia