}

Baina… Esne-Bidea ez al zegoen hor?

2000/04/30 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Ez ezazu artikulu hau egun argiz irakur! Itxaron ilundu arte. Etxean irakurketarako gustukoen duzun txokoan lasai eser zaitez, eta ekin irakurtzeari. Lerroz lerroko bidaia bukatu eta gero, irten balkoira edo ireki ezazu leihoa eta errepara iezaiozu zeruari. Izarrak, Esne-Bidea, eta planetaren baten argitasuna ikusteko gauza bazara zorteko zaude, zu bizi zaren tokian ez dago argi-poluziorik. Harrigarria litzateke baserrian bizi ezean.

Gizakion bizitzeko era Naturaren erritmora egokitu ohi da, egunaren eta gauaren erritmoetara adibidez. Eguna lanerako, ikasteko eta beste hainbat jardueratarako erabili ohi da; gaua, aldiz, atseden hartzeko, ohe-lanetarako, eta, besteak beste, Unibertsoa behatzeko. XX. mendearen hasieran, gutxi gorabehera, erritmo hori hautsi egin zen. Industrializazioak gizartea eta bizitzeko era aldatu zituen. Gaur egun gizakien jarduerak dagoeneko ez dira Eguzkiaren erreinura mugatzen. Kaleak argiz bete dira, berdin errepideak, etxeak, ibilgailuak, era guztietako eraikinak…. Guztion erosotasunerako eta segurtasunerako hobea omen.

Gizakiak Naturan egiten duen edozein jarduerak aldaketak eragiten ditu. Egoera horri gehienetan poluzio deitzen zaio. Poluzioaz hitz egiten denean zerbait zikina, itxura txarrekoa, ura, lurra edo atmosfera zatartzen eta hondatzen duen zerbait irudikatzen da. Industrializazio basatiarekin eta populazioa gehitzearekin, poluzio-mota berriak sortu dira. Horien ondorioak ez dira aurrez aipatutako horien bezain begibistakoak izaten. Poluzio akustikoa eta argi-poluzioa horrelakoak dira, poluzioaren iturria irekita daudela antzematen dira, baina iturria ixten denean desagertzen dira, ustez bestelako ondoriorik utzi gabe. Adibidez, edozein kaletako poluzio akustikoa nabarmena izaten da poluzioaren iturria -handik pasatzen diren ibilgailuak, egiten diren lanak, jendearen berbaldiak…- jardunean dagoen bitartean; jarduera bukatzean, poluzioa bukatu egiten da. Argi-poluzioarekin gauza bera gertatzen da.

Argi artifizialaren erabilera txarra

Argi-poluzioa kontzeptu oso zabala da, baina, oro har gauez hedatzen den argi artifizialari dagokio. Argi hori behar bezala aprobetxatzen ez denean eta eragozpenak eragiten dituenean sortzen da. Argi-poluzioak sortzen dituen arazoen artean, argi-sartzea azpimarra daiteke; hau da, argitu behar duenaz kanpoko eremuan ere eragina duen argia. Kalitate txarreko lanparekin edo eta argiztapen-diseinu eskasekin, argi-sartzeak maiz gertatzen dira.

Kalean baino etxaurretan gehiago joten duen argiteria horren adibide izan daiteke. Distira ere, argi-poluzioak eragindako arazo garrantzitsuenetarikoa da. Definitze aldera, argi-iturri batek sortzen duen gehiegizko luminantziaz hitz egin daiteke, luminantzia hori ikusmena eragoztera edo gutxitzera iristen denean. Aurrez aurre datorren ibilgailuari argi luzeak kentzea ahazten zaionean, une labur batean gertatzen den ikusmenaren gutxitzea distiraren adibidea da. Argi-poluzioak sortzen dituen arazo aipagarrienen artean nabarmendu daitekeen beste bat hirietako eta herrietako zeruaren distira da. Fenomeno hori herrietatik eta hirietatik ihes egiten duen argiak eragiten du. Ihes egindako argia atmosferara iristean sakabanatu egiten da, eta horrela zeruko disdira naturalaren mailak gora egiten du. Madrilen, adibidez, argi-poluzioaren geruzak 20 kilometroko altuera eta 25 kilometroko diametroa du; 300 kilometrora ikusten omen da. Astronomian du eragin handiena eta, adituek diotenez, zeruko distiraren erdia inguru hirietako eta herrietako argiteriak eragindakoa da.

Gauean edo iluntasunean duen eragina ez ezik, beste era bateko eragozpenak edo arazoak ere eragiten ditu argi-poluzioak. Elektrizitate-kontsumoa gehitzea, energia sortzeko prozesuak eta ondorioz CO2 emisioak areagotzea, merkuriozko lanparen hondakinak pilatzea, animalien -batez ere herrietako eta hirietako txorien- bizi-ohituretan eragitea, eta gizakiaren erritmo biologikoa aldatzea argi-poluzioaren ondorioak dira.

Argi-poluzioaren iturriak bat baino gehiago izan daitezke, baina kaltegarriena -kopuruagatik- argiteria publikoa da, argiteria publiko okerra edo eskasa hobeto esanda. Inolako pantailarik ez duten luminariak -globo itxurakoak-, eraikinak edertzeko jartzen diren argiak, gaizki diseinatutako publizitate-argiak, eta lanparak, besteak beste, argi-poluzioaren iturri nagusiak dira.

Eragina astronomian

Nahiz eta gai honi buruzko kezkak gero eta zabalduagoak izan, oraingoz, argi-poluzioak ez du gizartea gehiegi atsekabetzen. Gizartearen zati bat, hala ere, biziki kezkatuta dago, astronomia zaleek osatzen dutena alegia.

Astronomoek eta zaleek izarrak, galaxiak eta abar behatzeko sekula baino interes handiagoa dute azkenaldian. Izan ere, detektagailu elektronikoz hornitutako azken belaunaldiko teleskopioei esker, zeruaren egoera ona denean dagoeneko oso urrutira begiratu eta han dagoena ikustea badago.

Esate baterako, lau metroko teleskopio elektronikoa erabilita, begiz ikus daitekeen izar urrutiena baino 250 milioi aldiz gehiago ikus daiteke. Horrek esan nahi du kandela arrunt bat piztuta, gauez eta 100.000 kilometrora gizakia haren argia ikusteko gai izango litzatekeela. Behatze-saio horietan, jadanik 10.000 milioi argi-urtera dauden galaxiak ikusten dira, eta argiaren abiada finitua denez, galaxia horiek Unibertsoak gaur egun duen adinaren herena zuenean bezala ikusten dira. Neurketa horietaz baliatuta, astronomoek Unibertsoaren jatorria eta egitura finkatzeaz gain, etorkizuna nolakoa izan daitekeen ere ondoriozta dezakete

. Dena den, behaketak behar bezala egiteko, argi-kopuru handiena harrapatzeko gauza diren teleskopio erraldoiak ez ezik, zientzialariek ahalik eta zeru ilunena behar dute. Horregatik zeruak berez duen argitasunean ahalik eta gutxien eragiteak berebiziko garrantzia du. Ondorengo taulak zerua behatzea lana duten tresnen egoera eta argi-poluzioaren arteko norgehiagoka nolakoa den ulertzen lagun dezake.

ZORTZI METROKO DIAMETROKO TELESKOPIOAREN BEREIZMEN-GALERA ARGITASUNAREN ARABERA

Zeruaren argitasuna

Ispiluaren diametro baliokidea metrotan

8 metroko ispiluaren erabileraren portzentaia

1,00

8,00

% 100

1,10

7,63

% 91

1,20

7,30

% 83

1,25

7,16

% 80

1,50

6,53

% 67

2,00

5,66

% 50

3,00

4,62

% 33

5,00

3,58

% 20

Aurreko taulako datuek adierazten dutenez, argi-poluzioa txikia izanda ere, teleskopioek behatzeko duten gaitasunean eragina handia izaten da. Taularen abiapuntua -zeruaren argitasuna 1,00- zeruaren berezko argitasuna litzateke; ondorioz, 1,10eko balioak argitasuna % 10 gehitzea esan nahiko luke. Adibidez, zeruaren argitasuna bikoizten denean -2,00- 8 metroko teleskopioa 5,66 metroko teleskopio bihurtuko litzateke. Kalkuluak alde batera, errealitateko adibideak ere argigarriak dira. 1940. urtean Kaliforniako Palomar mendian 5 metroko teleskopioa jarri zen. 1970 urtera arte, hori izan zen munduko teleskopio handiena. Egun San Diego eta Los Angeles hirietako argi-poluzioaren ondorioz, teleskopio haren eraginkortasuna duela 60 urte zuenaren erdia besterik ez da.

Aurre nola egin? Bat-batean eta beste batzuekin alderatuta, ez dirudi argi-poluzioak eragindako arazoak apartekoak direnik. Dena den, irtenbide errazenari -argia lurrera bidaltzea, eta ez zerura- ondotxo kostako zaio bidea irekitzea. Izan ere, ingurugiro-arazo gehienekin gertatzen den legez, irtenbideak globala izan behar du. Jakina, horrek ez du esan nahi, bakoitzak bere etxetik eta ingurutik hasita, neurriak har ezin ditzakeenik, egon badaude eta. Esate baterako, behar ez direnean etxeko argiak itzalita edukitzea edo eta kontsumo gutxiko lanparak erabiltzea. Udalek ere egin dezakete zerbait: eraikinen edo monumentuen argiak gutxitzea, energetikoki errentagarrienak diren lanparak erabiltzea, lurra argitzen duten luminarien aldeko joera izatea, distira gutxitzeko gai diren pantailak erabiltzea, eta planeamenduetan argi-poluzioaren kontzeptua aintzat hartzea.

Orain bai, sarreran agindu bezala, altxa zaitez zauden lekutik, irten etxeko goxotasunetik -lainorik gabeko gaua bada behintzat- eta errepara iezaiozu zeruari. Zorteko bazaude, on dagizula ikuskizunak.

Zintzoa, gaiztoa eta zatarra

Zintzoa:

  • Eraginkorragoa, merkeagoa baita.
  • Argia beherantz eta alboetara igortzen du, behar den tokietara.
  • Argitasun orekatua ematen du.
  • Inguruko guneetara ez du bidaltzen argirik, ez dago argi-sartzerik.
  • Ez du eragozten zeruaren argitasun naturala.

Gaiztoa:

  • Energia ugari alferrik galtzen da.
  • Argia zerurantz zuzentzen du.
  • Argitasun ahula du eta, gainera, argi-sartzea nabarmena da.
  • Etxaurreak argiztatzen ditu.

Zatarra:

  • Argi gutxi egiten du, txorien bularretara ez bada behintzat.
  • Ez du hiritarren segurtasuna bermatzen, itzalak eragiten baititu.
  • Fokoak kale osoa argiztatzen dutenez arazoak sor ditzake ibilgailuen zirkulazioan.
  • Alde estetikotik begiratuta, gustuak gustu, itsusiak dira.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia