}

Badator El Niño

2009/07/17 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

El Niño fenomeno meteorologikoa hurbiltzen ari da, NOAA agentzia estatubatuarreko zientzialarien arabera. Fenomeno ospetsua Pazifikoaren ur-azala azkar berotzearen ondorioa da, eta ziklikoki gertatzen da. Ondorio larriak izan ditzake: lehorteak, uholdeak, ekaitz bortitzak... Aitzitik, El Niñoren etorrerak Atlantikoko urakanak moteltzea eta Ipar Amerikan neguak epelagoak izatea eragin dezakeela uste dute adituek.

Satelite bidezko irudietatik jaso dute fenomeno meteorologikoaren berri. Oraindik ez dakitena da zenbateko indarra hartuko duen eta zenbat iraungo duen. Izan ere, orain arte lortutako datuak ez dira nahikoa faktore horiek zehazteko.

Azkenengo El Niñok, 2006-2007koak, ez zituen ondorio oso larriak utzi; 1997-1998an gertatutakoa, berriz, sekula izan den bortitzenetakoa izan zen.

Irudia: TOPEX/POSEIDON TEAM/CNES/NASA (APOD)

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia