}

Azaleko minbiziaren aurkako txertoa

2004/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Melanomaren aurkako borrokan lagungarria izan daitekeen txerto bat probatzen ari dira Australian eta Britainia Handian.

Melanomaren aurkako borrokan lagungarria izan daitekeen txerto bat probatzen ari dira Australian eta Britainia Handian. Lehenengo emaitzak onak izan direnez, laster 100 pazienterekin probatu nahi dute, eta 2005erako azterketa amaituta izatea espero dute.

Melanoma azaleko minbizi-mota zabalduena da, eta azal zuria duten populazioetan nahiko arrunta da. Adibidez, Britainia Handian urtean azaltzen diren minbizi-kasu berrien % 2 melanomak izaten dira. Horregatik da hain interesgarria txertoa lortzea.

Melanoma gaitz infekziosoa ez izan arren, sistema immuneak minbizi-zelulen aurka egin dezake. Nonbait, zelula horiek proteina berezi bat ekoizten dute (NY-ESO-1), eta sistema immunea proteina hori ezagutzeko gai da. Baina, sistema immuneak proteina ezagutzen duenerako, minbizia oso aurreratuta egoten da.

Orain frogatu dutenez, proteina hori sintetizatu eta txerto moduan eman daiteke. Hala, sistema immuneak lehenago jotzen du minbizi-zelulen aurka. Gainera, ikerketa arrakastatsua izanez gero, antzeko proteinak ekoizten dituzten beste minbizi-mota batzuekin ere probatzeko asmoa dute, hala nola, bularreko eta prostatako minbiziekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia