Azaldu dute zergatik ez duen itsasorik Ilargiaren alde ezkutuak
2014/06/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jakina da Ilargiaren alde ezkutuaren azala leunagoa dela Lurretik ikusten dugun aldea baino. Duela urte batzuk baieztatu zuten alde horretan azala lodiagoa dela bestean baino, eta horregatik ez zela gertatu han itsasoak sortzeko prozesua. Izan ere, inpaktuen ondoriozko kraterrak labaz betetzean sortu ziren itsasoak Lurretik ikusten dugun aldean; alde ezkutuan, ordea, azala lodiagoa izatean, ez zen halakorik gertatu. Hala ere, galdera bat geratzen zitzaien erantzuteko: zergatik da lodiagoa ezkutuko aldea? Orain, hori azaltzen duen artikulu bat argitaratu dute Earth and Planetary Astrophysics aldizkarian.
Penn Estatuko Unibertsitateko astronomoak dira artikuluaren egileak. Haien arabera, gakoa Lurrak igortzen zuen beroan dago. Hain zuzen, Lurra eta Ilargia sorrarazi zituen talkaren ondoren, Lurraren azalean tenperatura 8.000 K izatera iritsi zela kalkulatu dute, eta mila urte behar izan zituela 2.500 K-raino hozteko. Ilargia, bitartean, Lurretik hurbil zegoen, eta ordurako bazuen alde bat Lurrari begira. Hortaz, alde hori bestea baino gehiago berotu zen.
Astronomoek uste dute tenperatura-alde horrek eragin handia izan zuela Ilargiaren azalaren eraketan: Ilargia, Lurra baino txikiagoa izanik, askoz ere lehenago hoztu zen, bereziki alde ezkutuan. Eta horrek egin zuen alde hori azkarrago solidotzea.
Gainera, Ilargiaren azaleko materialen banaketan ere eragingo zuen Lurrak, substantzia batzuk lehenago kondentsatuko baitziren alde ezkutuan. Horrenbestez, astronomoek iradoki dute alde ezkutua kaltzio oxidoan eta dialuminio trioxidoan aberatsa izango dela. Edonola ere, oraindik ez da alde ezkutuko laginik jaso, eta, beraz, hori baieztatzea izango da hurrengo pausoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia