Azalak arnasa hartzen du
2002/02/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Lehen ere, azaleko kanpoaldeko geruzako zelulek oxigenoa airetik har zezaketela uste zen. Orain, ordea, airetik oxigenatzen den azal-geruza uste baino hamar aldiz lodiagoa dela frogatu dute Alemaniako Ruhr Unibertsitateko ikertzaileek. Hain zuzen, airearen oxigenoa 0,25-0,4mm-ra dauden zeluletara iristen da, hau da, epidermis osora, eta ileen erroak eta guruinak dituen dermisaren zati batera ere bai.
Azalaren arnasketa neurtzeko, oxigenoarekiko sentikorra den mintz batez estali zuten azalaren zati txiki bat. Horrela, lehen erabiltzen ziren metodo gogorrak saihestu dituzte, esaterako, hanka osoa gas-kamera batean sartzea edota azalean elektrodoak sartzea.
Ikerketak azaleko gaixotasunak ulertzeko eta tratatzeko garrantzi handia du. Izan ere, azaleko gaixotasun asko azaleko zelulen oxigeno-gabeziaren ondorioz sortzen dira. Adibidez, zahartzaroan ohikoak diren azaleko ultzerak odoleko oxigenoak bertara iristeko duen zailtasunagatik agertzen zirela uste zuten sendagileek. Baina azalak oxigenoa airetik hartzen badu, arrazoia ez da soilik oxigeno-urritasuna.
Ikertzaileen esanean, odoleko eta aireko ekarpenen arteko oreka hausten denean gertatzen dira azaleko kalteak. Horregatik, ez da komeni ultzera gazaz estaltzea, oxigeno-ekarpena are gehiago urritzen baita.
Aldiz, azaleko zelulak gehiegi ugaritzen diren gaixotasunetan, hala nola, psoriasian eta ekzematan, azala estaltzea onuragarria izan ohi da. Ikerketa horren arabera, azalpena erraza da: zeluletara oxigenoa iristea eragozten bada, ezin dute hain erraz ugaritu. Dirudienez, azal osasuntsua oxigeno-gabezia hori odoletik hartutakoarekin orekatzeko gai bada ere, gaixotutakoak ez du gaitasun hori.
Hala ere, gorputzeko oxigeno-beharraren % 0,4 besterik ez da betetzen azalaren arnasketaren bidez. Beraz, azaleko oxigeno-ekarpena erabat eragotzita ere, gorputzeko oxigeno-maila ez da jaisten.
Informazio gehiago:
Nature aldizkariaren web gunean
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia