}

Azal-txertaketa berriak larriki erretako gaixoentzat

2001/02/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Energia, Ingurugiroa eta Teknologia Ikerketa Zentroak azala in vitro hazteko metodo berri bat probatu du bost pertsonetan arrakasta handiz. Emaitzak oso onak dira, gaixoari hartutako azal zentimetro karratu bakoitzeko hiru astean bi metro karratu dermis eta epidermis lortzen dira, hau da, gizakia guztiz estaltzeko bezainbeste.

Proiektuaren zuzendaria den Jose Luis Jorcanoren arabera, bost pertsona horiei erretako azalaren % 40-60 ordezkatu zaie. Ohiko sistemekin alderatuta hainbat abantaila ditu metodo honek. Alde batetik, gaixoari transplantatzen zaion azala bere zeluletatik lortutakoa da eta bestetik, epidermisaz gain dermisa ere berritu daiteke. Horrela, orain arte transplanteetan ezartzen ez ziren hainbat zelula garrantzitsu txertatzen dira, horien artean nerbio-bukaerak eta melanozitoak.

Teknika hau kaltetu gabeko azal-zatiak hartu eta luzatzean datza, tratatu ondoren sare baten moduan gera dadin. Horrela, gaixoaren azaleko tarteak osatzen dira eta, horretaz gain, gaixoak hiru aste besterik ez du egon behar ospitalean.

Teknika guztiz garatutakoan, erretako pertsona baten azalaren % 95 bere azalarekin osatu ahal izango da. Bestalde, transplantatutako azalean eragindako aldaketa genetikoen bitartez lor daitezken ondorio terapeutikoak esperimentatzen ari dira, hala nola, odol-hodien hazkuntza indartu edo eragotzi, edota diabete-mota batzuekin erlazioa duten hormona-produkzioa bizkortu.

Laster pertsonetan probatzeko moduan izango den adibide horietako bat VHG genea txertatu zaion azal tratatua da. Gene hori zelula endotelialak ugaltzea bizkortzen duen faktore indartsuena da. Horri esker, transplantatutako gaixoaren azal azpian sare baskularra sortzen da eta beraz, oso interesgarria da ultzera kronikoak eta arazo baskular larrietan.

Ikerketa-zentroaren helburuetako batzuk leuzemia bezalako odol-patologietan heriotza zelularra eragiten duten faktoreak aztertzea eta azaleko terapia genetikoa dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia