Australopitekoak eta homoak garai eta leku berean bizi izan zirela iradoki dute
2025/08/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela bi eta hiru milioi urte, Australopithecus afarensis espeziea desagertu eta Homo eta Paranthropus generoko espezieak agertu ziren Afrikan. Orain, Ledi-Geraru aztarnategian (Afar, Etiopia) aurkitu dituzten fosilen arabera, litekeena da Australopithecus eta Homo generoko kideak leku berean bizi izana, duela 2,6 eta 2,8 milioi urte. Nature aldizkarian argitaratu dituzte xehetasunak, irekian.
Ledi-Geraru lehendik ere ezaguna da bertan aurkitu zituztelako lehenengo harrizko tresnak, Olduvai aldikoak, baita Homo generoko fosilik zaharrena ere: 2,8 milioi urteko masailezur bat. Orain, 13 hortz aurkitu dituzte, eta, ikertzaileen arabera, Australopithecus (2,63 miloi urtekoak) eta Homo (2,78-2,59 milioi urte) generoko espezieenak dira. Gainera, lehenen morfologiak ez du bat egiten lehendik ezagutzen diren australopitekoenekin (A. afarensis eta A. garhi); hortaz, iradoki dute espezie ezezagun batenak izango direla.
Ikertzaileek ondorioztatu dute australopitekoak eta lehen homoak batera bizi izan zirela Afar lurraldean duela 2,5 milioi urte baino lehenago, eta homininoen fosil-erregistroa lehendik zekitena baino aberatsagoa dela. Izan ere, duela 3 eta 2,5 milioi urte bitartean, gutxienez lau hominino-leinu bizi izan ziren Afrikako ekialdean: Homo, Paranthropus, A. garhi, eta Ledi-Geraruko australopitekoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia