Munduko paisaiarik ederrenetakoa da. Koral itsasoan dago kokatua, Australiatik ipar-mendebaldera, eta planetan bizirik dagoen koral-arrezife handiena da. Goitik begiratuta, itsasoko habitat berezi honen ikuspegia liluragarria da; ia-ia irreala dirudi. Sakonera txikiko ur garbiei esker, zerutik erraz antzematen zaio itsas hondoan jaio eta bizi den ekosistema aberatsari.
Askok esaten dute Australiako koral-hesia munduko izaki bizidun handiena dela. Errealitatean, korala milimetro gutxi batzuetako animalia bat da, baina itsasoan disolbatuta dagoen kaltzioa hartu, eta bere ehunetan finkatzeko ahalmena du. Horri esker sortzen ditu bere ohiko itxura ematen dioten egitura trinko horiek. Korala hiltzen denean, haren kaltziozko egiturak iraun egiten du itsasoan; orduan, beste koral batzuek egitura horiek kolonizatu, eta berriak sortzen dituzte, belaunaldi zaharren gainean. Prozesu horren ondorioz, koral-arrezifeak sortzen dira. Australiakoa 2.000 km luze da, munduko handiena. 1.500 arrain-espezieren eta 4.000 molusku-espezieren bizilekua da.
Koralezko ekosistema ederra bezain hauskorra da, ahula. Duela gutxira arte, poluzioa eta neurririk gabeko arrantza izan ditu arerio nagusiak; zorionez, Australiako koral-hesia gune babestua da dagoeneko. Orain, berriz, planetaren berotzea du etsai nagusi. Koralak oso sentikorrak dira ozeanoaren tenperatura-aldaketekiko; horregatik, bada esaten duenik Australiako koral-hesiarena iragarritako heriotza baten kronika dela.
Elhuyar Zientzia







