}

Aurrerantzean autoek gehiago iraungo dute

2000/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzialariek metalezko azalak babestuko dituen plastikozko geruza garatu dute. Polianilina deitzen da. Film honi esker, zubiek, hodiek eta autoek orain baino hamar urte gehiago iraun ahal izango dute.

Orain arte, oxidazioaren aurka erabili diren estalkiek inguruaren erasoen aurkako babesa denbora baterako besterik ez zuten eskaintzen. Polianilinak, aldiz, burdina eta altzairuarekin zuzenean erreakzionatzen du eta betirako iraun dezakeen geruza berria sor dezake. Ikertzaileek geruza horri "metal organikoa" deitu diote.

Oxidazioa metalak bere elektroiak atmosferako oxigenoari ematen dizkionean gertatzen da. Erreakzio kimiko hori atzeratzeko zinka edo pintura erabil daitezke. Zinkak oxigenoari bere elektroiak ematen dizkio, eta azpian dagoen metala babestu egiten du, baina denbora batean bakarrik.

Polianilinak beste era batera funtzionatzen du. Barrera fisikoa sortu beharrean, oxidazioan katalizatzailearen zeregina du. Polimero horrek, metaletik elektroiak hartu eta oxigenoari ematen dizkio. Bi fasetan gertatzen den oxidazio horrek korrosioa eragozten duen burdina oxidatuzko geruza sortzen du. Babes-sistema hau besteak baino 3-10 aldiz hobea da. Gainera, polimero hau zinka baino merkeagoa izateaz gain, zinka ez bezala gizakiarentzat ez da arriskutsua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia