NASAren
Hubble teleskopioak Uranoko auroren irudiak hartu ditu. 2011ko azaroan detektatu zituzten puntu zuri gisa ikusten diren bi aurora, eta
berriki eman dute haien berri. Uranoren Ipar polo magnetikoan izan ziren, eta minutu batzuk baino ez zuten iraun. Lehenago, 1986an,
Voyager zundak ere hartu zituen Uranon auroren irudiak; baina, geroztik, ezin izan da halakorik behatu. Lurrean bezala, eguzki-haizearen eta planetaren eremu magnetikoaren arteko interakzioaren ondorioz sortzen dira aurorak. Uranoren eremu magnetiko bitxia hobeto ezagutzeko balioko dute aurora horiek. Izan ere, Uranoren eremu magnetikoa asimetrikoa da, askoz indartsuagoa da Ipar polo magnetikoan Hegoan baino, eta eremuaren ardatza errotazio-ardatzetik 60º-ra dago (irudian planetaren inguruan marraztuta dagoen eraztunak adierazten du errotazioa).
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia
Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.