}

Aurora Nazioarteko Espazio Estaziotik

2003/04/01 Elhuyar Zientzia

Nazioarteko Espazio Estazioak bista ederrak ditu. Joan den astean, meteoroak, aurora zoragarriak eta hirietako argiak ikusteko aukera izan dute bertan dauden astronautek, baita horiei argazkiak ateratzekoa ere. Atera duten argazkietako bat da goikoa.

Argazkia Kanadaren gainean aterata dago. Argazkiaren behealdean dagoen zirkulu hori meteoro baten talkak sortu zuen, duela 200 bat milioi urte. Eta zeruan ikusten dena, noski, aurora da.

Espaziotik Lurrera erortzen diren protoiek eta elektroiek sortzen dituzte aurorak. Atmosferaren goialdean sartzean, atomoak eta molekulak kitzikatu egiten dira, eta horrek eragiten du distira. Kolore gorria eta berdea oxigeno-atomoei dagozkie, eta urdina nitrogenoari.

Aurorak Lurretik 80-500 km-ra hedatzen dira, eta Nazioarteko Espazio Estazioa 400 km-ko altueran dago; beraz, aurora batzuetan murgiltzeko aukera dute. Hala ere, lasai egon, protoi- eta elektroi-euriak ez baitio inolako kalterik egiten estazioari.

Aurorei buruz gehiago jakiteko egin klik hemen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia