}

Atun gorriak, gorriak ikusi beharko ditu

1999/07/11 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Atunaren sasoia bete-betean dagoen arren, urtez urte arrantzaleen kexuak areagotu egiten dira, arrantza industrialaren ondorioz harrapaketak gero eta txikiagoak baitira. Gure itsasoko egoerak txarrera egin du, baina gurea baino okerrago dagoenik ere badago, urrutirago joan gabe Mediterraneoa. Ekainean hasi eta abuztura arte, Mediterraneoan 50/60 atunetarako tretza-ontzi industrial biltzen dira, helburu bakarrarekin: ahalik eta atun gorri gehien harrapatzea.

Atun gorriak tamaina handiko arrainak dira -600 kilokoak ere harrapatu izan dira-, igerilari azkarrak eta asko jaten dutenak. Ugaltzeko zein janariaren bila joateko atun gorriak migrazio handiak egiten ditu. Urteko sasoi honetan, atun-sardak Mediterraneoan bildu ohi dira, Balear Uharteetako iparraldean eta ekialdean, eurentzat errunaldi-garaia eta tokia baitira. Horren ondorioz mundu osoko arrantza-itsasontzi industrialek urtero-urtero urteko sasoi honetan zita garrantzitsua izaten dute Mediterraneoko uretan; jakina, atun gorriaren kalterako.

Gehiegizko arrantzaren ondorioz, atun gorriaren populazioak nabarmen-nabarmen egin du behera azken urteotan. Talde ekologisten datuen arabera atun gorri helduen populazioa % 80 jaitsi da azken 20 urteetan. Martxa horretan urte gutxitan ez da arrantzarako atunik geratuko.

Mediterraneoan harrapatzen diren atun gehienak Japoniara bidali ohi dira. 1998ko urtarrilean Japoniak 3.078 tona atun fresko inportatu zituen hegazkinez, 1997ko kopurua bikoiztuta. Japoniako merkatuan atun gorria oso arrain preziatua denez -kiloko 5.600 pezeta ordaintzen da- arrantza-itsasontzi pirata ugari biltzen da Mediterraneoan; pirata, ez baitira Atunaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordeko partaide. Baleareetako inguruetan arrantzan ari diren tretza-ontzi pirata gehienak industrialak dira, 55/60 metroko luzera dute, 100 kilometroko luzerako tretzak erabil ditzakete eta 2.000 amutik gora. Legez kanpoko itsasontzi horien ondoan Mediterraneoko herrialdeetako beste hainbat, beste arrantza-teknika batzuk erabiliz; eta, azkenik, kirol-arrantzan ari diren gero eta ontzi txiki gehiago. Legezkoen eta legez kanpokoen batuketa eginda, atun gorriaren etorkizuna benetan beltz bihurtu da.

Nahiz eta itsasontzi horiek atun gorria harrapatzen duten, asko eta asko ez dira Atunaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordeko partaide; hortaz ez dago jakiterik ez zenbat harrapatzen den ez eta gai honen inguruan jarrita dauden mugak betetzen dituzten edo ez ere. Hori dela eta, aipatu Nazioarteko Batzordeak gehiegikeria horiei aurre egiteko hainbat neurri hartu ditu -Belize, Honduras, edo Panamako atunaren inportazioa debekatzea adibidez-, baina itsasontzi asko eta asko ikurrez aldatzen ari dira. Estatu Batuek eta Japoniak berak -Batzordeko partaide direnez- hainbat herrialdetako itsasontzien atunaren inportazioa debekatu egin dute, baina errealitatean atunaren komertzializazioan ez da etenik gertatu. 1974. urtetik -pentsa noiztik- zientzialariek atunaren egoeraren arriskua aurreikusi eta gutxiago arrantzatzea gomendatu bazuten ere, inork ez die kasurik egin. Hona hemen datu batzuk (Greenpeace-k emandakoak):

  • 1974. urtea : Harrapaketak 5.000 tonatik 14.000ra igo ziren.
  • 1994. urtea : 38.000 tona harrapatu ziren. Urte horretan, lehen aipatutako Nazioarteko Batzordeak ekainean eta uztailean 24 metrotiko gorako luzera zuten tretza-ontziei arrantza debekatzea eskatu zuen. Horrekin batera harrapaketa-kopuru osoa % 25 jaistea gomendatu zuen.
  • 1995. urtea : Atunaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordearen gomendioak indarrean jarri ziren, baina inork ez zituen errespetatu.
  • 1996. urtea : Nazioarteko Batzordeak atun gorriaren harrapaketak % 35 jaistea gomendatu zuen.
  • 1997. urtetik aurrera : Urtero 44.000 tona atun gorri harrapatu direla aitortu da. Atunaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordearen iritziz errealitatea are eta larriagoa da. Aipatutako datu horietan itsasontzi piraten harrapakinak kontuan hartzen ez direnez, Nazioarteko Batzordeak % 30-35 handiagoak izan daitezkeela uste du. Beraz, zientzialariek egin dituzten kalkuluak ere -oso ezkorrak izanik- ez dute etorkizun politik iragartzen.

Kopuruez aritu gara orain artean, baina harrapaketen kopuru altua baino harrapaketen modua larriagoa izan daiteke. Izan ere, errunaldi-garaian dauden atun gorri gehiegi harrapatzeaz gain, atun gazteegiak ere harrapatzen dira. Atun gorria bost urterekin iristen da heldutasun sexualera -30en bat kilo dituenean- , hala ere, legez sei kilo t,erditik gorako atunak ere harrapa daitezke. Mediterraneoan eta Bizkaiko Golkoan sei kilo eta erditik beherako atunen harrapaketa, batez-beste harrapaketa guztien % 35-40 izan daiteke. Horrek esan nahi du atun gazteen merkatua gora egiten ari dela, eta -zientzialarien ikuspuntutik- espeziaren etorkizunak kolokan dagoela. Hori dela eta, aurtengo kanpainari begira, Atunaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordeak harrapaketen kuota ezarri du, 32.000 tonakoa. Edozelan ere, aipatu Batzordearen iritziz, harrapaketen kopurua 25.000 tonara jaitsiko balitz atun gorriaren galera geratu egingo litzateke, baina ez litzateke suspertuko. Gauzak horrela, argi dago atun gorriak gorriak ikusi beharko dituela.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia