Atlantikoko hegalaburraren egoera zaila
2005/04/29 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Hegalaburren migrazioak satelite bidez aztertu dituzte azken bederatzi urteetan. Eta, emaitzen arabera, espezie horren arrantzari buruzko hausnarketa egin behar litzatekeela esaten dute biologoek.
Behaketen arabera, bi hegalabur-populazio nagusi daude Atlantikoan. Mendebaldekoa txikiagoa da ekialdekoa baino. Itsaso zabalean nahasten dira biak, eta jatorrizko tokira itzultzen dira ugaltzera. Populazio baten ugaltze-tokia Mexikoko Golkoa da, eta bestearena, Mediterraneoa.
Biologoen ustez, bi populazioak nahastea arazo larria da arrantzaren ikuspuntutik, mendebaldeko hegalaburrak harrapatzen baitira ekialdekoen kuotaren kontura. Horregatik uste dute hausnarketa egitea beharrezkoa dela.