Atlantida mito ala errealitate
1988/08/01 Barrentsoro, Karlox Iturria: Elhuyar aldizkaria
irentsitako kontinente batez mintzatu zen. Platonek dioenez, Atlantida orduko munduko zibilizazio gorena zen.
Kristo aurreko V. mendean, Platon filosofo grekoa bere idazkiren batean itsasoak irentsitako kontinente batez mintzatu zenean, gizateriaren historian dagoen misteriorik handienetako bati eman zion hasiera. Platonek dioenez, Atlantida orduko munduko zibilizazio gorena zen, eta bere gizartea idazle, jakintsu, filosofo eta merkatari handi eta trebez osaturik zegoen. Bertako erregeak jauregi aberatsetan bizi ziren eta atlanteen eraikuntzak metal ezezagun batez, orikalkoz, eginak omen zeuden.
Kontinentea Herkulesen Zutabeetatik (Gibraltarreko itsasartetik) kanpo omen zegoen, eta bazuen ospe handiko hiriburua: Poseidonia. Atlanteek Mediterranio eta Mendebal Itsasoko (Atlantiar Itsasoko) merkataritza osoa menperatzen zuten eta beren untzi handi eta azkarrak mundu guztian zehar zebiltzan, izkina batetik bestera, itsaso batetik bestera. Baina bapatean, gauetik goizaldera Atlantida desagertu egin zen –Platonen hitzei jarraituz–, lurra astintzen hasi zen, etxeak eta jauregiak bota eta gizakiak eta aziendak irentsiz. Ondoren uhin ikaragarriak altxatu ziren eta Atlantida itsaso azpian gelditu zen betirako.
Honeraino iristen dira Platonen hitzak eta hemendik aurrera hasten dira adierazpen logiko baten atzetik dabiltzan ikerlarien eritziak. Ikus ditzagun zeintzuk diren.
Schulten eta Tartesos
Adolf Schulten (1.870-1.960) ikerlari alemanak Homero eta Platonen idazkietan azaldutako zehaztasun geografikoei jarraituz, Tartesos kultura zaharra bilatu zuen, eta baita bere ustez aurkitu ere andalusiar itsasaldean. Bere ikerketetan, Schulten-ek Tartesos eta Atlantida identifikatu zituen; beretzat errealitate bat beraren bi izen ezberdin bait dira.
Badakigu jakin kartagotarrek suntsitu zutela Tartesos-eko zibilizazioa, eta gaur egun pentsatzen denez, itsaso azpian datza. Schulten-entzat, Atlantida-Tartesos ekuazioa garbi-garbi zegoen eta horretan sinesten ez zuenak, ez zuen bere ustez Platonen mezua ondo ulertzen.
Spanuth prelatuaren teoria
Platonek bere testu batean honela zioen: Atlantidaren azken aztarnak Iparraldeko Itsaso azpian daude, Heligoland ondoan, zazpi metrotan itsaso azpitik. Honetan oinarriturik, mende honen erdi aldean, Spanuth Heligoland izeneko gotorleku zaharra egon zen lekurantz abiatu zen eta zundaren bitartez, gizakiak egindako horma eta harresiak topatu zituen.
Spanuthen ustetan arazoa ebatzirik dago: Atlantida Atlantikoan zegoen, Ipar Europako kostaldearen aurrean, eta Afrika eta Europa baino haundiagoa zenez, Gibraltarreraino alde batetik eta Ameriketaraino bestetik, iristen zen.
Horbiger eta ilargien erorketa
Mende hasierako Horbiger pentsalari naziaren ustetan, Atlantida izugarri haundia izan zen eta Atlantiar ozeanoan zehar zabaltzen zen, Ameriketatik Europa eta Afrikaraino. Bere ardatza gaurko Andeetan zegoen eta handik ateratzen omen ziren beren ontziak munduko hamaika bazterretarantz. Baina ba omen zeuden beste lau hiri atlante haundi Ginea Berrian, Mexikon, Abisinian eta Tibeten.
Horbigerrek esaten zuenez, gure gaurko ilargiaren aurretik beste bi ilargi egon omen dira gure planetaren inguruan jira-biraka. Lehenengoa gure mundura erori zenean desagertu omen zen Alpe Mendietan bere bihotza zuen Atlantida zahar hura. Baina salbatu zirenek beste bigarren Atlantida xumeagoa berreraiki omen zuten Iparraldeko Itsasoan, gaur desagerturik dagoen irla haundi batean. Eta Atlantida hau izango zen Horbigerren ustetan, Platonek bere idazkietan aipatu zuena.
Bigarren ilargia erori zenean, bigarren Atlantida desagertu zen itsasoko uren azpian. Atlanteen azken ondorengoak arioak direnez gero, –hori zen behintzak Horbigerrek defendatzen zuena–, arraza honetakoak mundua menperatzera destinaturik daude, oraingo hirugarren ilargia gure gainera berriro erori arte. Gero garai berria etorriko da. Hitlerren pentsakera eta politika, Horbigerren teoriatan oinarritu ziren.
James W. Mayor eta Thera Ugartea
James W. Mayor amerikar zientzilariaren ustetan, Atlantida Atlantikoan zegoen, baina zenbait ikerketa egin ondoren, egotekotan Egeo Itsasoan egongo zela pentsatu zuen. Bi espedizio antolatu zituen egeoar irletara, eta Thera izeneko irlako itsasertzetan, zazpi metrotan labaren azpitik, hiri zahar eta ezezagun baten aztarnak deskubritu zituen. Ordutik aurrera aurkikuntzak ugaldu egin dira: harresiak, hormak, jauregiak, anforak, zeramika-zatiak,... eta James Mayorrentzat auzia garbi geratu da: Atlantida Egeo Itsasoan zegoen, eta orain dela hiru mila urte Thera irlako sumendia erupzioan hasi zenean, bertako lurrak eta zibilizazioa laba eta itsasoaren azpian gelditu ziren. James W. Mayorren teoria hau, mende honetako seigarren hamarkadaren bukaera aldean kaleratu zen.
Donnelly-ren ustez atlantikoan zegoen
Baina agian arrakastarik handiena izan duen teoria Donnelly irlandarrak XIX. mendean botatakoa izan da. Honen ustez Atlantida Atlantikoan zegoen, Platonek ondo esaten zuen bezala, eta hondamena gertatu zenean itsaso azpian desagertu zen betirako. Donnellyk froga franko ematen du: Asia Txikia eta Ertamerikako toki eta herri–izen askoren antz izugarria, Ertamerikako eta Egyptoko piramideak, Ameriketako eta Ipar Afrika eta Asia Txikiko zenbait hizkuntzen senidetasun ukaezina, ketxuen eta egyptiarren hirurehun eta hirurogeitabost eguneko egutegia, bi kontinenteetako zenbait animaliaren arteko senidetasuna,... Ikusten dugunez, frogak ez zaizkio falta Donnellyri.
Donnellyk dioenez, hondamena gertatutakoan, asko eta asko izan ziren Ertamerika, Egypto, Espainia, Portugal eta Kanariar irletarantz ihes egin zutenak, beraiekin batera beren kultura handiaren azken aztarnak eta oroimena eramanez. Bimini ugartearen aurreko uretan aurkituriko aztarna erraldoi bezain misteriotsuek, eta azken bolada honetan Bermudetako Triangeluan, itsas hondoko hondar azpian ikusiriko piramide bitxiak, indarra eta gaurkotasuna ematen dizkiote Donnellyren teoria zahar honi.
Flavio Barbiero eta Atlantida-Antartida ekuazioa
Teoria bitxien artean bitxiena agian 1.970. urte aldean Flavio Barbiero itsas injineru eta korbeta-kapitainak sortutakoa da. Barbieroren ustetan, Atlantida Atlantiar ozeano, Ozeano Bare eta Indiar ozeanoaren artean kokatzen zen kontinente, irla edo eremu zabala zen. Baina duela hiru mila urte inguru, –eta datu hau zientzilari guztiek baieztatzen dute–, diametroz zazpi kilometro eta pisuz berrehun mila milioi tonakoa zen kometa edo asteroidea Atlantikora erori zenean, munduaren biraketa-ardatza hogeitahiru gradu desbideratu zen, berde eta epela zen kontinente famatua elur eta izotz azpian estaliz, eta Platonen Atlantida indartsu eta ahaltsua, Antartida zuri hormatu bihurtuz.
Teoria gehiago badaude noski, eta egunero sortzen dira berriak. Batzuentzat Atlantida Amerika zen, besteentzat Eskandinavia aldean zegoen. Rudbeck-ek Suedia zela defendatzen zuen bitartean, Verdaguerrek Ekialdean zegoela baieztatzen zuen. Batzuek Andalusia aldean zegoela diote, besteek berriz, Afrikan edo Kanariar irlak eta Cabo Verde artean.
Baina oraindik mito edo errealitate izan zen ez dakigunean, gaurko ikerlari, zientzilari, erlijioso eta olerkarien gogoetak Platonek emandako pistetatik abiatzen dira, agian sekula aurkituko ez dena bilatu nahiean; agian inoiz ez bait dugu legendazkoa ala benetazkoa izan zen jakingo. Eta zertarako jakin nahi gainera?, zertarako mitorik gabeko zibilizazioa?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia