}

AstronoMine, astronomia bideo-joko bidez euskaraz ikasteko programa atera du Elhuyarrek

2024/11/21 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

  • Europako beste 5  herrialderekin batera egindako lanaren emaitza da AstronoMine.
  • Proiektuak astronomia ikasgelan lantzeko dagoen baliabide gabeziari erantzun nahi dio.
  • Minecraft Education bideo-jokorako sortutako lehenengo euskarazko edukia da.
  • Astronomia ikasgeletan lantzeko irakasleentzako eskuliburua ere kaleratu du.

 

astronomine-astronomia-euskaraz-bideo-joko-bidez-i
Elgoibarko Bizilabeko gazteak Astronomine-n jolasten - Arg.

Elhuyarrek AstronoMine, astronomia bideo-joko bidez ikasteko euskarazko  programa atera du Europako beste 5 herrialderekin batera. AstronoMineren helburu nagusia da eskoletan astronomia sustatzea, jolasean oinarritutako ikaskuntzaren bidez, STEMen esparruetako hezkuntzaren kalitatea hobetuz eta irakasleen trebetasun digitalak hobetuz.

Erasmus+ ezagutza-aliantzen barruan landu du Elhuyarrek proiektua Europako beste 5 herrialderekin batera. 2022 urtean abiatu zen eta Drumcondra (Irlanda) Hezkuntza Zentroak zuzendu du. Elhuyarrekin batera, Private School Themistoklis (Grezia), NUCLIO (Portugal), Atermon B.V. (Herbehereak) eta  Hearthands Solutions (Zipre)-ek osatu dute taldea. Honela, 6 hizkuntzatan dago eskuragai bideo-jokoa: ingelesa, alemana, portugesa, grekoa, gaztelania eta euskara. AstronoMinen aritzeko Minecraft Education bideo-jokoa instalatua eduki behar da. AstronoMine programa honetan dagoen euskarazko lehen bideo-jokoa da.

Gabeziari aurre egiteko

AstronMine proiektuak EBko herrialdeetako astronomia ikasgaien gabeziari erantzun nahi dio, trebakuntza-material berritzaileen bidez hutsune hori betez. Izan ere, oso herrialde gutxitan irakasten da astronomia derrigorrezko ikasgai gisa; gainera, herrialde batzuetan ez dago astronomia-ikastarorik curriculumean. Kasurik arruntena 10-14 urte bitarteko gazteek oinarrizko gaiak lantzea da, hala nola, eguna eta gaua, urtaroak, ilargi-faseak, planeten orbitak edota  planeta eta izarrei buruzko deskribapenak.

AstronoMinek astronomiaren inguruko oinarrizko ikasketa horietatik haratago jo nahi du, bere edukiak teknologiarekin, ekonomiarekin eta gizartea hobetzearekin lotuz. Hala nola, erregai fosil berriak, energia berriztagarrien iturri berriak, medikuntzarako erabil daitezkeen asmakuntzak, irudi-sentsoreak eta abar.

Irakasleen eskuliburua

Proiektuaren bigarren emaitza, irakasleentzako eskuliburua izan da. Liburua garatzeko, proiektuko herrialde kide guztietan ikerketa bat egin zen eta astronomiaren irakaskuntzaren gabeziak identifikatu ziren. Eskuliburuaren bidez, gabezia horiek konpondu nahi dira.

Eskuliburuak hainbat gai ditu, bai eta jarduera informalen proposamenak ere, irakasleak gelan jarduera interaktiboak eta praktikoak egitera animatzeko. Moduluetan, ohiko gaiak lantzen dira, hala nola urtaroak, eguzki-sistema, mareak, etab. Baita ikasleek gutxiago ezagutzen dituzten gai batzuk ere, hala nola, izarren sorrera, grabitatea, ilargiaren faseak, etab.

  • AstronoMine, Minecraft education-en eskuratzeko egin klik.
  • Irakasleen eskuliburua eskuratzeko egin klik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia