Astronomia, antzinako zibilizazioen gidaria
2001/10/21 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Egiptoko zibilizazioek utzitako aberastasunek turista adina ikertzaile erakartzen dute. Izan ere, altxor ugariren gordeleku izateaz gain, ikuspegi arkitektonikotik begiratuta, zur eta lur geratzeko modukoak ere badira. Alde batetik, hainbeste urtetako kondizio meteorologikotxar eta era guztietako erasoei tinko eutsi dietelako, eta, bestetik, harrigarria den orientazio zehatza dutelako. Hain zuzen ere, Egiptoko piramideak lau puntu kardinaletara zehaztasun paregabeaz zuzenduta daude.
Baina IV. dinastiako Keops, Kefren eta Mikerinos erregeek duela 4.500 urte inguru eraikitzeko agindutako Gizeh-ko piramideak nolatan dute hain orientazio zehatza? Galdera horri erantzun nahian, XIX. mendeaz geroztik, hainbat ikertzaile zerura begira jarri dira eta bi ideia nagusitu dira. Alde batetik, Eguzkia behatzeak lagundu zituela orientazioa markatzen eta, bestetik, astronomia zela arkitekturaren oinarrietako bat. Baliteke azken hori izatea teoriarik zuzenena, baina oraindik zein izarren ibilbidean oinarritu ziren argitzean desadostasuna da nagusi.
1931n Zinner adituak eta 1948an Chateley-k esan zuten Eguzkiaren behaketan oinarritu zirela egiptoarrak piramideak orientatzeko. Bi horien ustez, eguerdiko itzal laburrenean oinarritu ziren egiptoarrak ipar-hego norabidea zehazteko. Askoz geroago, Gallo ikertzaileak norabide hori zehazteko Eguzkiaren ibilbideaz baliatu zirela esan zuen. Bere ustez, Eguzkiaren sarrerako eta irteerako puntuek sortutako angeluaren erdikaria erabiltzen zuten ipar-hego norabidea diseinatzeko. Baina, nahiz Eguzkiak argibide baliagarriak eman, dirudienez, behaketa horiekin ezinezkoa zen hain ongi orientatzea. Horregatik, XIX. mendean Piazzi Smyth adituak eta gaur egungo azken teoriek sekretua astronomian dagoela ziurtatzen dute.
Astronomiaren ezagutza aparta
Antzinako zibilizazioek ez zituzten eraikinak nolanahi egiten eta, dirudienez, arkitekturaren oinarrietako bat astronomia zen. Harrigarria suerta dakiguken ezagutza maila zuten arlo horretan. Baina nola liteke hain emaitza zehatza lortzea gaur egungo tresneriarik gabe? Erantzun bakarra du galdera horrek: egunetik egunera, edo, hobeto esanda, gauetik gauera zerura begira orduak pasatuz; baina ez amets egiteko, izar jakin baten edo batzuen ibilbidea aztertzeko baizik.
XIX. mendeaz geroztik, hainbat izarren ibilbidean oinarritutako teoriak azaldu izan dira piramideen lerrokadura esplikatzeko. Guztiak sinesgarriak ziren arren, berrienak estaltzen zituen gainerakoak eta, beraz, ez dirudi erabat zuzenak zirenik.
Azken teorietako bat Nature aldizkarian argitaratu zuen iaz Egiptoko kulturan aditua den Kate Spencen-ek. Teoria horren ekarpen nagusia lerrokadura zehatza lortzeko izar bakar baten ibilbidean oinarritu beharrean izar-pare batenean oinarritzen zirela esatea izan zen. Kate Spencen aburuz, poloaren alde banatan dauden Kochab eta Mizar izarren arteko lerro zuzena, memento jakin batean, polotik iragan zen eta horri esker lortu zuten piramideen lerrokadura zehatza. Ikertzaile horren ustez, memento jakin hori K.a. 2478. urte inguruan kokatzen da, eta, beraz, Keops erregearen piramide handia garaia horretan hasi ziren eraikitzen. Hori posible izanagatik ere, komeni da gogoratzea orain arte ziurtzat jotzen ziren datekin 80 urteko aldea dagoela eta horrek sinesgarritasuna kendu diola teoriari.
Azken teoria
Juan Antonio Belmonte Kanarietako Astrofisika Institutuko ikertzaileak Journal for the History of Astronomy aldizkarian argitaratu berri duen teoria ere hari beretik doa, baina beste izar batzuk hartzen ditu aintzat. Bere ustez, egiptoarrek Phecda eta Megrez izarrak begiratuz lortu zuten lau puntu kardinalak zehaztea. Bi izar horiek, gaur egun Hartz Nagusiaren orga deitzen den konstelazioko bi izar dirdiratsuenak dira. Eta bi izar horiek elkartzen dituen lerro zuzenak gaur egungo ipar-izarra seinalatzen duen gisa berean, garai hartan ere, baliogarritasun bera zuen. Hau da, Phecda eta Megrez izarretatik iragaten zen lerroak, zuzen-zuzen, orduko ipar-izarra zen Thuban seinalatzen zuen.
Dena dela, teoria horren ideia ez da berria. 1952an, Polak adituak iradoki zuen, baina azalpen matematikorik eman gabe. Oraingoan, oinarri matematikoekin azalpen luzea eman du Juan Antonio Belmontek. Gainera, Kate Spencen teoriak ez bezala, teoria berriak ez du batere arazo kronologikorik planteatzen. Izan ere, teoria berri horren arabera, zehaztasun handiena K.a. 2562. urtean lortu zen, eta, beraz, piramide handia urte horren inguruan hasi omen ziren eraikitzen. Keopsen erregealdiaren hastapenak K.a. 2589. eta 2551. urte bitartean kokatzen dituztenez, data hori bat dator aurreko kalkuluekin.
Azkenik, esan, Belmonten teoriak azalpen matematikoez gain mitologian eta egiptoarren ohituretan oinarritutako istorio asko ere azaltzen dituela. Informazio horrekin guztiarekin, egiptoarrek kosmosa nola ulertzen zuten jakiteko ate berriak zabaldu dira. Ikertzeko asmotan dabilenak ez du gai faltarik izango!
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia