}

Asteroideak eta kometak, irudi bakarrean

2010/08/03 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Orain arte espazio-ontzien bitartez lortutako asteroide eta kometa ororen irudiak agertzen dira goiko argazkian. Emily Lakdawalla planeta-zientzialariak egin du argazki-muntaketa, eta orotara lau kometa eta bederatzi asteroide bildu ditu bertan. Muntaketa egiteko, egileak haien guztien neurri errealak hartu ditu kontuan, eta horrek ahalbidetzen du bisualki bata bestearen artean dagoen aldea hautematea.

Beste guztiak baino nabarmen handiagoa dena Lutezia asteroidea da. ESA Europako Espazio Agentziaren Rosetta zunda haren albotik pasatu zen uztailaren 10ean, eta une hari dagozkio Luteziaren gainazala kraterrez estalita dagoela egiaztatzen duten lehenbiziko irudiak. Luzanga dela eta 132 kilometroko luzera duela ere orduan jakinarazi zuen ESAk.

Bada, Luteziak irtengune bat du bere ezkerreko ertzean (erdialdean gutxi gorabehera), eta haren alboan dago argazkiko irudirik txikiena. Lehen begiratuan hautemateko zaila den puntu ahul hori, hain zuzen, Itokawa asteroidea da, eta 0,5 kilometroko luzera du.

Emily Lakdawallak aurrerantzean argazki-muntaketa eguneratzen joateko asmoa duela iragarri du. Aurreikuspenak betetzen badira, NASAren Deep Impact espazio-ontzia Hartley 2 kometari hurbilduko zaio datorren azaroan. Eta Stardust zunda 2011ko otsailean aurkituko da, bigarren aldiz, Tempel 1 kometaren aurrez aurre. Besteak beste, bi kasu horietan lortutako irudiak gehitu nahiko lizkioke muntaketari.

Argazkiak: NASA/ESA/JAXA/Errusiako Zientzia Akademia.

Muntaketa: E. Lakdawalla, The Planetary Society.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia