Aste honetako protagonista bihurtu da Urbasa-Andia, duela 4.000 urteko bisonte baten hezurdura ia osoa aurkitu baitute. Arrafela leizean azaldu zen bisontea, EHUko Asier Gomez-Olivencia palontologoaren zuzendaritzapean urrian egiten ari ziren kanpainaren baitan. Ikertzaileek uste dute bisonte europar bat dela, eta azterketa genetikoak abiatuko dituzte orain, ziurtasunez baieztatzeko. Iberiar penintsulan azaldutako bisonte europarraren lehenengo arrastoak lirateke, baieztatzekotan.
Hezurren eta adarren tamaina ikusita, 800 kg inguruko animalia ar bat izango zela uste dute. Estepako bisonteak baino txikiagoak ziren bisonte europarrak. Bisontearen saihetsetan kobrezko gezi-punta bat topatu dutenez, bisontea ehiztatzen ari zirela hil zela ondorioztatu dute. Zaurituta zegoela leizera erori, eta han hilko zen. Kalkolito garaiko bisonte europarra izan daitekeela ikusita, baliteke duela 4.000 urteko nekazariek eta abeltzainek bisonteak ehizatzea.
Nafarroako Gobernua Nafarroako Gobernua
Leizera eroritako beste animalia batzuen arrastoak ere topatu dituzte. Besteak beste, haitzuloetako lehoi batenak (Panthera spelaea), oilar lira batenak (Lyrurus tetrix) eta sai zuri batenak (Neophron percnopterus). Garai hartako Nafarroako ekosistemak hobeto ezagutzeko aukera emango dutela uste dute ikertzaileek.
Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute
Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.







