Katxalote baten jaiotza aurretik ere ikusi izan dute zientzialariek, baina inoiz ez halako xehetasunez. Itsasoa eremu zaila da ikerketarako, baina zientzialariek argi ikusi zuten katxalote jaioberria bi orduz eduki zutela emeek bizkar gainean, eta gero katxalote-taldea banatzen hasi zela, kumea amarekin utzita. Handik aurrera, ondoan izan zituen jaioberriak, une oro, katxalote ahizpa eta izeba ere.
Erditze-bitartean katxaloteen kodak entzun ziren, alegia katxaloteek berezkoak dituzten bokalizazioak. Koda hauek katxalote-taldeei identitate soziala eman ohi diete. Alabaina, erditzearen une garrantzitsuenean bokalizazioak aldatzen zituztela ikusi zuten, koda motelagoak eta luzeagoak eginda, eta gizakion “a” eta “i” bokalizazioen antzeko soinu bereziak sortuta. Erditzean taldearen kohesio soziala indartzen dutela iradoki dute zientzialariek.
Beste zetazeo batzuetan ere ikusi izan da jaioberriaren altxamendu koordinatu hori: orkak (Orcinus orca), orka faltsuak (Pseudorca crassidens) eta belugak (Delphinapterus leucas). Inoiz ez da halako xehetasunez jaso, ordea. Litekeena da jokabide honek jaioberriak ez itotzea izatea helburu, eta espezie gehiago egiten dutela ikusita, espezie horien guztien arbaso komunak jada ohitura hori bazuela iradoki dute; alegia, duela 34 milioi urte baino gehiago.
Katxaloteetan, unitate familiar matrilineal egonkorrak aritzen dira elkarlanean, besteak beste janaria bilatzen. Baina zaintza komunitario honek berebiziko garrantzia hartzen du une kritikoetan, eta jaiotza da horietako bat. Talde osoa koordinatuta egoteak ahalbidetzen du arriskurik gabe jaiotzea eta, areago, katxaloteen gizarteetan behatzen diren egitura sozial konplexuak sortzea. Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute erditzea.
Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute
Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.



