Asteko argazkia: beleek oroitzen dute

Arg.: Daniel Stahler / YNP


Orain arte pentsatu izan da beleak otsoen atzetik segika joaten zirela, haiek hildako animaliak jatera. Baina ez, otsoak animaliak hilko dituzten tokira iristerako, beleak han dira, zain.

Oso ondo gogoratzen dituzte otsoek animaliak hiltzeko erabiltzen dituzten tokiak, eta zuzenean hara joaten dira beleak oso urrutitik, baita sei orduko hegaldi-bidaiak eginda ere, askotan.

Oroimen espazial bikaina dutela argitu dute Science aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean. AEBko Yellowstone Parke Nazionalean bi urte eta erdiz jarraitu dituzte beleak eta otsoak, eta ikusi dute inbertsio oso errentagarria zaiela beleei otsoen ehiza-lekuak identifikatzea.

Ez dituzte otso-talde bakar baten ehiza-lekuak bakarrik ezagutzen. Haien zentzumen eta oroimen finak baliatuta, talde askoren ezagutza dute.

GPS batez markatu behar izan dituzte horretarako beleak, eta hori izan zaie zailena, beleak hain behatzaile zorrotzak izanik, tranpak oso erraz identifikatzen baitzituzten.

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute

Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali