Asteburu honetan itzuliko da Teknopolis saioa
2021/09/22 Elhuyar Zientzia
Gaur goizean aurkeztu da Teknopolis zientzia eta teknologiari buruzko saioaren denboraldi berria. Hain zuen, asteburu honetan abiatuko da; ETB1en 15:00etan emango dute larunbatean (Gaur Egunen ondoren), eta igandean 13:30ean ETB2n. Hurrengo astetik aurrera, berriz, Teknopolis bere ohiko ordutegira itzuliko da: larunbatetan 13:30ean ETB1en eta igandeetan ETB2n, ordu berean.
Denboraldi honetan ere ikusleen jakin-mina asetzeko prest dator saioa. Astero 30 minutu interesgarri eskaini nahi dizkie ikusleei, eta, gainera, zerbait berria ikasteak ematen duen poza sentiarazten badie, are hobeto! Iñaki Leturia Yurrita izango da aurten ere aurkezlea, eta zuzendariak, berriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera.
Leturiak prentsaurrekoan azaldu duenez, azken hilabeteak koronabirusaren pandemiak baldintzatu ditu; erronka handia izan da Teknopolisentzat osasun-krisiaren nondik norakoak publiko orokorrari azaltzea, eta ederki asko gainditu du. Orain ez dute koronabirusaren gaia baztertuko, noski, baina beste asko dituzte esku artean, “zientzia, ikerketa eta berrikuntza gelditu ez diren seinale, ez eta gai horiek komunikatzeko beharra ere”.
Teknopolisen ezaugarrien artean, zorroztasuna eta zehaztasuna nabarmendu ditu Leturiak, eta, horiekin batera, gertutasuna: izan ere, 24 denboraldik eskarmentu handia eman die zientzia-gaiak modu interesgarri eta entretenigarrian azaltzeko.
Prentsaurrekoan, lantzen ari diren gaietako batzuen berri eman dute, hala nola itsaslabarren azterketa droneen bidez, elikadura osasungarriaren eta jasangarriaren arteko oreka zaila, armiarma-sareak, argindarraren prezioaren gorabeherak edo mikrotxipen krisia.
Aurkezpena Mondragon Unibertsitatean egin da, GARAIA parke teknologikoan. Amaia Esquisabel Alegría Eusko Jaurlaritzako Ikerketa-zuzendariak agerian jarri ditu zientzia, teknologia, hezkuntza eta ikerketaren zereginak: “Teknopolis erreferente bat da zientzia eta teknologiaren dibulgazioan eta hedapenean. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen zientziak eta teknologiak gizadiaren gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-erronkei erantzuteko duten beharra. Teknopolis euskal zientziaren eta mundu mailako zientziaren leihoa da, eta astebururo azken lan eta aurrerapen zientifiko eta teknologikoen berri ematen digu, denontzat eskuragarriago eginez”.
Gorka García Peral ETBko Programa eta Arte zuzendariak balio handia eman dio pandemiaren garaian koronabirusaz modu zehatz eta hurbilean berri emateko egindako ahalegin bereziari: "programak bere balioa eta funtzioa are eta nabarmenago erakutsi digu, jendartearen interesa erdigunean jarriz" esan du. Halaber, nabarmendu du ETBren saioak argi eta garbi betetzen duela abangoardia eta teknologia jendearengana gerturatzeko helburua: "gakoa gaietan, aditu eta elkarrizketatuetan eta erabilitako lengoaian eta irudietan dago" esan du.
Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak, bestalde, esan du Teknopolis komunitate zientifikoaren bozgorailua dela: “Euskal Herriko zein mundu zabaleko berrikuntza, teknologia eta zientzia-albisteak ekarriko dizkigu, beste urte batez, Teknopolisek etxera. Eta inoiz baino gehiago izan nahi dugu komunitate zientifiko horren bozgorailu; egiten dutena modu dibulgatiboan zabaltzen, euren beharra nabarmentzen, ikuspegi etikoan eta kritikoan sakonduz eta zientzia-politiketan eragiteko beharra agerian utziz”.
Bukatzeko, Abrilek Elhuyarren eta EITB Mediaren arteko lankidetza luzea nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie Teknopolisen edizio berrian babesle eta lankide diren erakunde guztiei, saioari emandako laguntzargatik: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Jasangarritasuna eta Ingurumena Saila eta Hezkuntza Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, TKNIKA Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa, Euskal Energiaren Erakundea, BRTA eta FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia