Aspirina sendagai unibertsala
1996/07/01 Louvelli Nieves, Iñigo Iturria: Elhuyar aldizkaria
Horiez gain, beste zenbait propietate ere aurkitu zaio eta horregatik, sendagai unibertsal gisa erabili izan da maiz. Hala ere, horren erabilera eztabaidatua ere izan da, batetik duela gutxira arte beronen eragin-mekanismoa ezezaguna zelako eta bestetik neurrigabe erabiltzeak ondorio kaltegarriak ere izan zitzakeela zabaldu zelako.
Betiko botika baten lehenengo mendeurrena
Aspirina edo azido azetilsalizilikoa salizilato deritzen molekulen familiakoa da. Molekula organiko zikliko hauek naturan topa ditzakegu. Sahatsa ( Salix alba ) eta Spiraea ulmaria , besteak beste, oso aberatsak dira konposatu hauetan.
Greziarrek eta erromatarrek jada ezagutzen zituzten sahatsaren ahalmen terapeutikoak eta analgesiko, antirreumatiko eta lasaigarri moduan erabiltzen zuten; baita sukarraren aurka ere. Hala ere, XIX. mendera arte, hots, erauzketa-kimika garatu zen arte, ez zen propietate hauen azpian zeuden printzipio aktiboak identifikatzea eta isolatzea lortu. Lehenengo salizilina lortu zen, baina sukarraren eta hanturaren kontrako eragina ez zen guztiz ona.
Bi urte geroago, 1876an azido salizilikoa isolatu zen; aurrekoaren oso antzekoa, baina farmakologikoki eraginkorragoa zen hau. Azken honek ordea, izaera azidoa zuenez, narritadura edo irritazioak sortzen zituen mukosetan; ultzerak urdailean batez ere. Hori zela eta, 1877an, beronen sodio-gatza, sosa salizilato deiturikoa, sintetizatzea lortu zen: inflamazioen kontra hobea bazen ere, oso zapore mingotsa zuen eta gaixoei nazka ematen zien.
Urte batzuk igaro behar izan zuten, 1897an, Bayer konpainiako laborategian lanean ziharduen kimikari aleman gazte batek, Felix Hoffmannek alegia, azido salizilikoa azetilatzeko prozedura industriala asmatzea lortu zuen arte: azido salizilikoa, katalizatzaile gisa jokatuko lukeen azido sulfurikoaren presentzian, anhidrido azetikoz tratatzean zetzan prozedura berria. Horrela, produktu puru eta egonkorra lortu zen: azido azetilsalizilikoa.
Produktu berri horrekin egindako froga guztiek berehala erakutsi zuten aurreko guztiak baino eraginkorragoa zela. Hori dela eta, 1899an Bayer konpainiak produktu hau saltzea erabaki zuen eta sendagai berriari ASPIRINA izena jarri zion. Bere esanahia honakoa da: ‘a-’ azetil erradikalaren laburdura da, ‘-spir-’ alemanierazko Spirsaure-tik dator, Spiraea ulmaria landarearen azidotik alegia, eta ‘-ina’ atzizkia, kimika industrialean maiz erabiltzen dena
Merkaturatu zenetik izugarrizko arrakasta izan du aspirinak. Gaur egun, ekonomikoki, mila milioi dolarrekoa omen da negozioa eta urtean 40 mila tonatik gora kontsumitzen dela kalkulatzen da.
Aspirina: mirakulu-egile eta hiltzailea
Aspirinaren eragina guztiz erlazionaturik dago dosiarekin. Horrela, 0.5-2.0 gramo bitarteko dosian, aspirinak muskulu- zein zain-jatorriko min moderatuak (buruko minak kasu), neuralgiak edo erreumak, erreakzio inflamatorioek eragindako minak, sukarra, minbiziak sortutako mina, etab. sendatu edo eztitu behintzat egin ditzake. Dosi horretan tronboak eratzea ere galarazten du eta horren ondorioz, gerta litezkeen bihotzekoen edo tronbosien arriskua txikiagotu egiten du.
Bi gramo baino dosi handiagotan, aspirinak propietate antiinflamatorioak ditu. Honi dagokionez, aspirina antiinflamatorio ez-esteroideen (AINS) taldekoa da, hormona esteroideen eratorriak diren gainontzeko antiinflamatorioen (AIS) parekoa.
Dosiaren garrantzia argi geratzen da hezueriaren kasuan. Gaixotasun hori artikulazioetan azido uriko kristalak metatzean datza. Dosi txikitan (1-2 gramo eguneko) aspirinak gernuaren azido urikoaren iraizpena murrizten du eta ondorioz, gaixoak okerrera egiten du; dosi handiagotan (eguneko 3 gramo baino gehiago) aldiz, azido urikoa guztiz iraizten da gernuaren bidez.
Aspirinaren eragin kaltegarriei dagokienez, mukosetan eragin ditzakeen irritazioak eta sor litezkeen ezkutuko hemorragiak dira nagusienak. Alde horretatik, aspirina-ekoizle gehienek ahalegin guztiak egiten dituzte, aspirinaren tolerantzia eta zurgapena gero eta hobeak izan daitezen. Horrela, hasiera batean hauts zuri moduan hartzen zena, gerora pilula gisa merkaturatu zen eta, gaur egun, badirudi ekoizle gehienek forma solugarri edo eferbeszenteen aldeko apustua egin dutela. Azken forma hauen abantaila nagusia zera da: disolbaturik hartzen denez, lehenago pasatzen da odolera eta, ondorioz, alde batetik mukosekiko kontaktua txikiagoa da eta bestetik eragina azkarragoa.
Bestalde, aspirinak duen eragin antiagregatzailea (tronboak eratzea galaraziz) dela eta, odoluste-denbora luzatzen du. Hori arazoa izan daiteke hemorragia garrantzitsu baten aurrean, hala nola, burmuineko hemorragiak, hilerokoak, edemak… Aspirinarekiko alergia duenik ere bada; horrelakoetan, azaleko erupzioak, arnas aparatuan kalteak, entzumen-eragozpenak, etab. behatu behar dira. Haurdunaldia eta erditzeak eragindako mina luza ditzakeela uste da.
Azkenik, Reyeren sindrome delako eritasunean ere eragina baduela uste da; gaixotasun hau umeek soilik pairatzen dute eta horien heriotza ekar dezake. Dena den, aspirinaren kontsumoa kontutan hartuz gero, istripu larrien kasuak minimoak lirateke eta bere efikaziaren ordaina direla esan daiteke.
Baina, nola egiten du lan farmako honek?
Jarraian aspirinaren eragin-mekanismoa nola gertatzen den ikusiko dugu era erraz batean. Hori ezagutzeko, hanturan eragina duten substantzien biosintesia ikertu zen, hots, prostaglandina konplexua delako molekulen sintesia. Prostaglandinak hormona lokalen familiakoak dira eta nonahi aurkitzen dira organismo barruan.
Mintz plasmatikoan aurkitzen den azido arakidoniko izeneko gantz-azidoaren oxidazioz eratzen dira; berau mintzetik askatu ahal izateko, bestalde, fosfolipasa A 2 delako entzima beharrezkoa da. Prostaglandinek funtzio eraentzaile anitz dute; hala nola, plaketen funtzioa, zainen tonua, etab. Bestalde, azido arakidonikoa bi sistema entzimatikok oxida dezakete:
- Lipooxigenasak: azido arakidonikoa leukotrinotan eraldatzen du; inflamazio-prozesuen eragile garrantzitsua da.
- Ziklooxigenasak: azido arakidonikoa endoperoxido ziklikotan eraldatzen du eta azken hauek ez-egonkorrak izanik, prostaglandinak, tronboxanoak eta prostaziklinak emango dituzte. Guzti hauek, leukotrinoekin batera, eikosanoide delako taldea eratzen dute.
Ikerketa batzuen ostean, Vane izeneko ikerlariak frogatu zuenez, aspirinak ziklooxigenasa konplexu entzimatikoa inhibitzen du eta ondorioz, endoperoxidoen sintesia. Endoperoxido hauek, ehunaren arabera, eraldaketa desberdina jasaten dute. Hauen artean badira bi substantzia guztiz kontrako zeregina dutenak: tronboxano A 2 -a, azido arakidonikoaren presentzian odol-plaketek jariatzen dutena eta plaketen agregatzaile boteretsua dena; eta protaziklina, odol-basoetako paretak ekoiztua, plaketak eta tronboak odol-baso osasuntsuetan atxikitzea oztopatzen duena, plaketen antiagregatzaile indartsua baita. Ikusi da baita, aspirinak, dosi txikitan, tronboxanoaren ekoizpena prostaziklinarena baino modu sendoagoan inhibitzen duela eta, ondorioz, bion arteko oreka hori prostaziklinen alde apurtzen dela.
Hori, aspirinaren eraginari dagokionean, plaketen ziklooxigenasa pareta baskularrekoa baino entzima sentikorragoa delako gertatzen da; gainera, plaketek nukleorik ez dutenez, ezin dute entzima berririk sintetizatu; beraz, inhibizioak plaketaren biziraupen osoan iharduten du, gutxi gora-behera 8tik 11 egunera. Aitzitik, pareta baskularreko entzima lehenago eraberrituko denez, prostaziklinaren ekoizpenean eragina txikiagoa izango da eta honek odol-basoen oztopatzea eta tronboak eratzea galaraziko du. Horregatik aspirinak, dosi txikitan, tronbosiak eragindako eritasunetatik babestuko gaitu, bihotzeko eta burmuineko tronbosien aurrean kasu, egun herrialde industrializatuetan nagusi diren eritasunen aurrean hain zuzen ere.
Aspirinak etorkizunean iraungo du
Baina aspirinaren esparru terapeutikoa ez da hemen amaitzen. Egun hainbat ikerketa ari da burutzen aspirinaren inguruan, oso gaixotasun desberdinak aztertuz:
- Kataratak: dosi txikitan kataratak agertzea eragotziko luke, kristalinoko proteinak azetilatuz opazifikazioarekiko erresistentzia handiagotuko bailuke.
- Diabetea: ikerketa batzuek erakutsi dute prostaglandina E2 delakoak, glukosak induzitutako intsulinaren jariapena blokeatzen duela; aspirina hartzean prostaglandina horren sintesia inhibituko litzateke.
- Diarrea edo beherakoan eta osteoporosian ere eragin onuragarria eduki dezake.
- Azken ikerketa batzuen arabera, aspirina hartzeak hestegorriko eta koloneko minbiziak jasateko arriskua txikiagotuko luke hein handi batean; eta gogoan izan behar da azken hau, mundu osoan zehar hedatuen dagoen minbizia dela.
Azken urte hauetan, aspirinaren inguruko berriak asko ugaritu dira. Aurkitu denetik mende bat betetzear dagoen honetan, aspirinaren mugak oraindik finkatzeke daude. Aspirinaren ibilbidean aurrera egin beharra dago, beraz.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia