Artritis erremautoidearentzako sendabide berria
2001/05/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Artritis erreumatoidearen patogenesia ez da guztiz ezagutzen eta hamarkadak irauten dituen hantura- eta desitxuratze-prozesu horretan, hainbat zelula-motak hartzen dute parte. Orain arteko tratamenduak mina arintzen saiatzen dira, gaixotasuna ezin baita sendatu. Baina, Nature aldizkarian adierazi dutenez, Madrilgo Complutense Unibertsitateko ikertzaile talde batek tratamendu egokiaren bila aurrerapauso garrantzitsua eman du.
Mario Delgadok zuzendutako taldeak saguekin egin du bere lana eta saguei jarritako heste-hodiko peptidoaren (VIP) injekzioek artritisak aurrera egitea eragozten dutela ikusi dute. Horrela, mina arintzeaz gain, giltzaduraren hanturari eta kartilagoen eta hezurren suntsidurari aurre hartzen zaie. Horretaz aparte, injekzioak emateari utzi eta bi aste pasatu ondoren, saguek bere horretan jarraitzen zuten eta ez zuten berriz arazorik izan giltzaduretan.
Dirudienez, peptido horrek hantura eragiten duten zelula batzuen (zitokinak) hazkundea geldiarazten du eta, bestalde, gaixotasunaren hasierarekin eta iraupenarekin erlazionatuta dauden TH1 linfozitoen ekintza modulatzen du.
Kaliforniako Unibertsitateko Gary Firestein-en esanean, peptido horrek albo-ondorio gastrointestinalak eragin ditzake. Hala ere, mesedea kaltea baino handiago litzatekeela uste du; izan ere, artritis erreumatoidea oso zabaldua dago eta gaixotasun mingarria da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia