}

Artoari berea itzultzen, eraldaketa genetiko bidez

2014/07/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

artoari-berea-itzultzen-eraldaketa-genetiko-bidez
Diabrotica virgifera virgifera harrari aurre egiteko modua itzuli nahi diote artoari.. Arg. USDA

Arto-barietate berriak antzinakoak baino emankorragoak badira ere, intsektuekiko eta beste patogeno batzuekiko zaurgarriekiko dira, haiei aurre egiteko gaitasuna galdu baitute. Orain, eraldaketa genetikoko teknikak erabilita, ahalmen hori itzultzea lortu dute Neuchâteleko Unibertsitateko ikertzaileek (Suitza).

Zehazki, E-beta-kariofilenoa ekoizteko gaitasuna itzuli diote artoari. Ikertzaileen arabera, gaur egungo artoaren arbasoek berez sortzen zuten molekula hori, sustraietan. Molekula horrek lurzoruko nematodo onberak erakartzen ditu, eta haiek, berriz, artoaren etsai handienetakoa den har (Diabrotica virgifera virgifera) bat hiltzen dute.

Oraingo barietateek, ordea, ez dute E-beta-kariofilenoa sortzeko gaitasuna, eta har horrek izugarrizko galerak sortzen ditu arto-uztan, bereziki Estatu Batuetan eta Kanadan. Hortaz, artoa indartzeko, E-beta-kariofilenoaren genea sartu diote, oreganotik hartuta. Eta eraginkorra dela frogatu dute: arto transgenikoak etengabe ekoizten du E-beta-kariofilenoa, eta harrak ez dio hainbesteko kalterik egiten.

Ikertzaileek adierazi dutenez, artoaren arbaso basatia, teosintea, ikertzen ari dira, artoa etxekotzeko bidean zer beste babesle ekoizteko galdu diren jakiteko, eta, finean, gaitasun hori itzultzeko, eraldaketa genetikoaren bitartez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia