Artizarreko haizeak xehetasun osoz neurtzea lortu dute
2008/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
EHUko Planeta Zientzien Taldeak Artizarraren hodei-geruzetako haizeak aztertu ditu Venus Express zundak emandako datu berriekin. Ikertzaile euskaldunek geruzen egitura orokorra zehaztu dute, eta geruza horien ustekabeko abiadura-aldaketak behatu dituzte. Jasotako datuek fenomeno misteriotsu bat ulertzen lagunduko dute: zer dela eta biratzen duen Artizarraren atmosferak planetak berak baino askoz ere azkarrago --superrotazioa esaten zaio fenomeno horri--.
Venus Express zundaren VIRTIS espektro-kamerak jaso ditu datuak, Artizarraren egun eta gauean hartutako irudiak. EHUko zientzialariek, irudietan jasotako hodeien hilabete batzuetako mugimenduak neurtzea lortu dute, eta superrotazioaren alderdi berriak aurkitu dituzte. Hasteko, ikusi dute planetaren ekuatorearen eta latitude ertainen artean haize egonkorra duen superrotazioa dela nagusi. Haizeak ekialdetik mendebaldera jotzen du, eta, oro har, hodeien barruan indarra galtzen du altuera galdu ahala: orduko 370 km-tik 180 km-ra jaisten da. Latitude ertain horietatik aurrera, haizeak indarra galtzen du, polora heldu eta desagertu arte. Han, poloan, zurrunbilo handi bat sortzen da.
VIRTIS kamerarekin egindako behaketei esker zehaztu diren beste alderdi batzuk honako hauek dira: batetik, iparraldetik hegoalderako mugimenduak oso ahulak dira, orduko 15 bat km-koak, eta, bestetik, lehen pentsatzen zenaren kontra, ez dirudi superrotazioa denboran zehar hain egonkorra denik. Izan ere, 70eko eta 80ko hamarkadetan Artizarra aztertu zuten misioek superrotazioa fenomeno egonkortzat jo zuten.
Ikerketa horrek aukera emango du Artizarreko haizearen superrotazioaren jatorria azaltzeko, eta, oro har, planeten atmosferen zirkulazioaren ezagutzan aurrera egiteko.
Datu horiek guztiak Geophysical Research Setter aldizkarian argitaratu dituzte. Aldizkari hori American Geophysical Union (AGU) elkarte estatubatuarrak argitaratzen du, eta ikerketa-arlo horretan eraginik handiena duena da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia