Artizarraren iragaitea
2004/06/04 Elhuyar Zientzia
121,5 urte. Horixe da gizakiak itxaron behar izan duen denbora fenomeno astronomiko bitxi hau berriz ikusi ahal izateko: puntu beltz txiki bat Eguzkiaren aurretik pasatzen ikusteko, alegia. Berez, Artizarra planeta Lurraren eta Eguzkiaren artetik igarotzea besterik ez da.
Eguzki-sistemako planetetatik Merkurio eta Artizarra bakarrik dira Eguzki amandrearen aurretik pasa daitezkeenak, Lurretik baino gertuxeago baitaude Eguzkitik. Ilargia ere igaro daiteke; eta, kasu horretan, eklipsea esaten diogu. Igarotzea goizeko 7:20etan hasiko da eta sei ordu iraungo du, gutxi gorabehera. Europatik ikusiko da ondoen.
Lurraren eta Artizarraren orbitak ez daude maila berean; Artizarrarena pixka bat okertuagoa dago. Okerdura hori dela eta, gehienetan Artizarra Eguzkiaren gainetik edota azpitik pasatzen da, eta horregatik ez da Lurretik ikusten. Baina Eguzkia, Artizarra eta Lurra lerro berean ipintzen direnean, Artizarraren iragaitea gertatzen da. Aurrekoa 1882ko abenduan izan zen, eta hurrengoa 121,5 urte geroago izango da, alegia, 2004ko ekainaren 8an. Hurrengoa 8 urte barru izango da, 2012ko ekainaren 6an, hurrengoa handik 105,5 urtera, 2117ko abenduaren 11n; hurrengoa handik 8 urtera, eta abar. 1882an ikusi ahal izen azken aldiz Artizarraren iragaitea.
Zientziaren KutxaGunean prest daude dagoeneko gertakarirako. Motibo hori dela eta, Artizarraren iragaitea zer den eta nola gertatuko den azaltzen duen erakusketa bat antolatu dute.
Zientzialariak arduratuta daude egun horretan jendeak egin ditzakeen behaketekin. Izan ere, behaketa ongi egiten ez bada, lesio larriak eragin ditzake begietan. Sekula ez zaio zuzenean begiratu behar Eguzkiari, horretarako diseinatutako tresnak erabiltzen ez badira behintzat. Beraz, adituek gomendatzen dute teleskopio edota prismatiko batzuen bidez hartutako Eguzkiaren irudia pantaila zuri batean proiektatzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia