Arte grafikoa eta Mac ordenagailuak
2003/04/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arte grafikoaren munduan prozesu ugari daude eta, esan bezala, ordenagailuak nagusi dira bertan. Lehen eskuz egiten ziren prozesuak –testuak eta irudiak lortu, bateratu…– orain ordenagailuz egiten dira. Ordenagailuen lana irudiak eta testuak definitzea da eta, hori eginda, inprimatu, frogak egin eta, azkenik, fotolitoa ateratzen da. Fotolitoa testuak eta irudiak dituen orri gardena da. Beraz, orain gutxi arte gela ilunetan egin beharreko lana zuzenean egiten dute orain ordenagailuek.
Aluminioa, euskarri bikaina
Behin fotolitoa esku artean izanda, ‘argazki’ hori aluminiozko plantxa batera pasatzen da eta plantxa hori inprentan jarri eta nahi hainbat ale ateratzen dira. Aluminioa aukeratzen da plantxa horietarako, gero inprentaren zilindroan bildu eta tirada luzeak egin ahal izateko. Horrek esan nahi du materialak erresistentea izateaz gain malgua izan behar duela tolestu eta zilindroari ondo egokitzeko. Aluminioak propietate horiek ditu, baina ez da bakarra, badira paperezko eta plastikozko plantxak ere. Horiek, ordea, ezin dira tirada luzeetarako erabili eta, aldiz, aluminiozkoak 50.000 ale baino gehiago egiteko ere erabil daitezke.
Aluminiozko plantxa horiek pelikula edo geruza sentikor bat izaten dute, hau da, koloreekiko sentikorra den emultsio bat. Horrela, fotolitoan dauden irudi eta testuak aluminiozko plantxara pasatzen dira, positibotik positibora. Izan ere, ez dago negatiborik tartean: fotolitoa positiboa da eta aluminiozko plantxa ere bai. Eta nola pasatzen dira irudiak eta testuak fotolitotik aluminiozko plantxara?
Aluminiora irudia eta testua pasatzeko prozesua sinplea da: plantxaren gainean fotolitoa jartzen da eta argia ematen zaio. Emultsio sentikorrari esker, fotolitoan dagoena aluminiozko plantxara pasatzen da. Azkenik, plantxa inprentaren zilindroan jartzen da eta lehenik urarekin eta gero tintarekin bustitzen da. Urarekin bustitzean, aluminiozko plantxan dauden gune zuriek, hau da, testu eta irudi gabeek, ura xurgatzen dute eta, aldiz, irudi edo testuren bat dutenek ez. Gero tintaz bustitzean, tinta oliotsuak erabiltzen direnez, ura xurgatu duten guneek ez dute tinta xurgatuko eta inprimatuta zeudenek bai. Tinta testua eta irudia dauden guneetan bakarrik itsasten da eta horixe da paperean atera nahi dena.
Koloreen sekretuaKolore guztiak lortzeko lau plantxa behar dira; bai, lau. Izan ere, lehenik, kolore urdineko (cyan) plantxa pasatzen da, ondoren, horia, gero, gorria (magenta) eta, azkenik, beltza. Eta zergatik behar da beltza? Bada, erabiltzen diren koloreak puruak ez direnez, guztien baturak ez duelako beltza ematen. Beraz, marroi iluna beltza izan dadin laugarren kolorea behar da. Orain arte, gainera, makinetan kolore guztien elkarketa lortzeko plantxak banaka-banaka pasa behar izaten ziren inprentan, baina, egun, laurak batera pasatzen dituzten makinak ere badituzte zenbait enpresak. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia