Arroza eta metanoa
2002/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Adituen ustez, atmosferan dagoen metanoaren % 10 arroz-sailetan sortzen da; landare hori hazten den zoruan ugaria da metanoa ekoizten duen bakterio-mota bat. Dena dela, landarea zenbat eta eraginkorragoa izan, orduan eta metano gutxiago ekoizten dute inguruko bakterioek, landareak erabili gabe utzitako karbono-kantitatea ere txikiagoa delako.
Orain, ikertzaileek arrozaren eraginkortasuna zertan datzan argitu dute. Horretarako, Europako bi talde eta Asiako bat elkarlanean aritu dira. Biologo alemanek, herbeheretarrek eta filipinarrek ikusi dute landarea eraginkorra denean askoz karbono gehiago bideratzen duela loreak eta aleak egiteko mekanismoetara. Ondorioz, landare eraginkorrek adar gehiago izaten dituzte besteek baino; azken finean, adarrak loreak eta aleak hazteko oinarrizko egiturak dira.
Metanoak berotegi-efektuan parte hartzen du, eta, beraz, planetaren beroketarekin zerikusia du. Bestalde, tenperatura igotzen bada, arrozaren uztak ez dira lehen bezain oparoak izango, eta, beraz, orain arte aztertu gabeko ziklo bat osatzen da. Zientzialarien ustez, arrozaren uztari eutsi nahi izanez gero, lore eta ale asko ematen duten arroz-landareak hazi beharko dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia