Arrosak, material ez-labainkorraren molde bihurtuta
2008/04/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Ur-tantak ez dira erraz labaintzen arrosa-hostoetan. Beste lore eta hostoen gainean ere geratzen dira, baina bibrazio txikiek erorarazi egiten dituzte (erortzen diren tantak garbitzaile apartak dira landareentzat). Arrosetan, ordea, askoz bibrazio bortitzagoak behar dira tantak erortzeko. Aldea petaloen gainazalaren egitura mikroskopikoan dago, ikertzaile japoniar batzuek aurkitu dutenez. Egitura hori material ez-labainkorrak egiteko erabili dute ikertzaileek.
Mikroskopiotik ikusita ulertzen da zerk eusten dien ur-tantei landareen gainazalean: gainazaleko ezten-itxurako egitura txiki batzuk. Baina ezten horiek argizariz estalita daude, eta, horregatik, bibrazio txikiek desorekatu egiten dituzte tantak, eta erori egiten dira. Arrosetan ez dago argizaririk ezten mikroskopikoetan. Gainera, eztenen arteko 'bailaratxoek' lagundu egiten diote petaloari tantei eusten. Horregatik ez dira labaintzen ur-tantak arrosen petaloetan.
Egitura interesgarria da beste material batzuei aplikatzeko. Ikertzaile japoniarrek polibinil alkohol polimeroaren film oso mehe bat sortu zuten arrosa-petaloen gainean; polimeroak arrosaren gainazalaren forma hartu zuen, petaloa molde hartuta, eta sistema horren bitartez egindako filma probatu egin zuten. Polimeroak ere eusten zien ur-tantei, petaloen modu berean. Teknologia naturala, teknologia sintetikoaren molde.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia