}

Arropa, lehen babesa

2006/02/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bistakoa da: nudismoa ez dago modan. Normala ere bada, arropak hotzetik, euritik, eguzkitik, intsektuetatik eta beste hainbat eragiletatik babesten baikaitu, baita besteen begiradatik ere. Horretaz gain, funtzio soziala ere badu jantziak. Orain, oihal adimendunei esker, lehen zientzia-fikziokoak ziruditen funtzioak dituzte jantziek. Eta ez pentsa moda-kontua denik, garrantzi handiko gaia da.
Arropa, lehen babesa
2006/02/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Artxibokoa)

Noiztik janzten dira gizon-emakumeak? Biblian badago horren gaineko azalpena, baina zientzialariak ez dira ados jartzen galdera horri erantzutean. Batzuek uste dute gure espezieak, Homo sapiens -ek alegia, asmatu zituela arropak Afrikatik leku hotzagoetara migratu zuenean. Hotzetik babesteko beharrak bultzatu omen zituela janztera, beraz.

Baina leku beroetan ere baliagarriak dira arropak; kanpo-eragileetatik babesteko ez ezik, taldearen barruan norberaren rola erakusteko balio baitute, besteak beste. Horregatik, ikertzaile askok uste dute Afrikatik atera baino lehenago ere jantziko zituztela arropak. Eta Homo sapiens -ek ez ezik, oso litekeena da Neanderthalgo gizakiak nolabaiteko jantziak erabiltzea, hura bizi zen tokian eta garaian hotz handia egiten baitzuen.

Hortaz, ez dago batere garbi noiz hasi zen gizakia arropak janzten. Nolanahi ere... zer janzten zuten? Galdera horrek ez du hainbesteko desadostasunik sortzen, eta antropologoek uste dute animalien larruazala, larrua, eta hostoak edo belarra erabiltzen zituztela.

Hala ere, ez dute froga askorik, larrua eta landare-ehunak erraz degradatzen baitira, harriz, metalez edo hezurrez egindako tresnak eta bitxiak ez bezala. Jostorratzek bai, gaur egunera arte iraun dute. Ezagutzen diren jostorratz zaharrenak hezurrezkoak eta bolizkoak dira, eta duela 30.000-26.000 urte landu zituzten. Baina arropak jostorratzak baino lehenagokoak dira, eta horregatik ez dute ematen hasierako jantziei buruzko aztarnarik.

Hasieran larruazala

Adituen ustez, ehiztariak izan ziren janzteko larruazalak erabiltzen lehenak. Klima epeleko lekuetan bizi ziren giza taldeak fruituz eta landarez elikatzen ziren batez ere, eta ez zuten arropak janzteko hainbesteko beharrik. Klima hotzeko tokietan bizi zirenentzat, baina, ehizak garrantzi handia zuen. Animalien haragia behar zuten ondo elikatuta egoteko, eta pentsatzekoa da animalia horien larruazala baliatzen zutela hotzetik babesteko.

Harriekin, hezurrekin eta metalekin alderatuta, arropak egiteko erabiltzen diren materialak erraz suntsitzen dira. Horregatik, zaila da jakitea nola janzten ziren duela milaka urte.
Science

Izatez, Behe Paleolitoko aztarnategietan aurkitu izan dira silexezko aiztoak eta harraskagailuak, larruazala prestatzeko erabiltzen zituztenak. Horien bidez kentzen zioten larruazala ehizatutako animaliari, eta zuritzen eta garbitzen zuten. Baina lan hori ez zen nahikoa larruazala soinean ibiltzeko, tratatu ezean usteldu egiten baita berehala.

Denborarekin eta esperientziaren bidez, larruazala larru bihurtzeko teknikak asmatzen joan ziren. Lehortuta, ketan edukita, zuhaitz-enborren gainean utzita, ur zingiratsuetan sartuta... ikusi zuten larruazala moldakorrago eta iraunkorrago bihurtzen dela. Hori nola eta zergatik gertatzen zen jakin gabe ere, larrugintzaren lehen pausoak eman zituzten.

Ordutik, teknologiak etengabe egin du aurrera; hala ere, askorentzat larruak ez du baliorik galdu. Aurkako joera ere badago, ordea: zenbaitentzat onartezina da animalia-larruazala erabiltzea janzteko, arropak egiteko beste material asko baitaude aukeran.

Artilea, lehengoa eta oraingoa

Artilea, esaterako, aspaldi-aspalditik erabiltzen da, eta ez dago animaliarik hil beharrik hura eskuratzeko. Ustez, Neolitoko nekazari-abeltzaina hasi zen artilea iruten, eta, larruaren aldean, hainbat abantaila ditu. Artilea elastikoa eta arina da, eta baita iraunkorra ere. Nork ez du jertse kutun bat, zaharra izanagatik denetan maiteena duena? Argi dago, bai, artilezko jantziek luze irauten dutela.

Artilearen kizkurren artean airea harrapatuta geratzen da, eta horrek geruza isolatzaile bat sortzen du.
Handspun Yarns

Gainera, artilea larrua baino hobeto egokitzen da unean uneko klimaren ezaugarrietara, batez ere, hezetasun-mailara eta tenperatura-aldaketetara. Izan ere, artile-zuntzak kizkurrak dira, eta kizkurren artean airea sartu eta hor gelditzen da. Hain justu, aire geldia ezagutzen den isolatzaile onenetakoa da; horregatik, artileak ondo babesten du, bai hotzetik bai berotik.

Horretaz aparte, artileak ur-lurruna xurgatzen du. Zuntzen osagai nagusia proteina bat da, keratina, eta inguruan ezkatak ditu gainjarrita. Keratinak ur asko har dezake; gutxi gorabehera, bere pisuaren % 30 ur har dezake artileak, erabat busti aurretik. Klima hotzean, kizkurren artean harrapatuta geratzen den airearen hezetasuna xurgatzen du; hala, pertsonaren larruazaletik gertu dagoen aire-geruzari lehor eusten zaio, eta, ondorioz, artilezko arropa duenak ez du beroa galtzen.

Klima beroetan, aldiz, transpirazio/ /lurruntze prozesuari laguntzen dio. Izerditzea da gorputzaren mekanismo naturala beroa galtzeko: izerdia lurruntzean, tenperatura jaitsi egiten da larruazalean. Artileak horretan laguntzen du; izerdiaren hezetasuna xurgatzen du alde batetik, eta, bestetik, ezkatek kanpoaldera eramaten dute.

Tenperaturaren bat-bateko aldaketen aurrean ere oso egokia da, artilearen eta inguruaren arteko bero- eta hezetasun-trukea mailakatua baita. Halaber, ezkatek higaduratik eta ur likidoa sartzetik ere babesten dute, eta, hori gutxi balitz, artileak gantz-geruza bat du, lanolina. Horri esker, neurri batean iragazgaitza da, eta zirimiriak artilezko jantzia mela-mela eginda uzten badu ere, zaparradari nahiko ondo eusten dio busti gabe.

Landare-erreinuko ehunak

Kotoi-bolak loreak zimeltzen direnean sortzen dira, eta gehienbat zelulosaz osatuta daude.
D. Nance / ARS

Animalia-jatorriko zuntzekin batera, landare-jatorrikoak ere aspalditik erabiltzen dira: lihoa, kotoia, kalamua, jutea... Liho-zuntzak, kasurako, artilea bera baino lehenagotik baliatzen dira ehunak egiteko. Duela 5.000 urte, Mesopotamian eta Egipton, oso aurreratuta zegoen lihoa iruteko eta ehuntzeko teknologia, eta jantzi dotoreak zein oihal gogorrak egiteko erabiltzen zuten lihoa.

Liho-haziak ere baliotsuak dira, haietatik olioa ateratzen baita, baina ehunak egiteko zutoinen zuntza erabiltzen da. Liho-zuntzak 30-75 cm luze dira, eta banakako zelula zilindrikoz osatuta daude. Zelulen azala benetan laua da, eta horixe da lihozko ehunen ezaugarrietako bat: leuntasuna. Gainera, iraunkorra eta hausteko zaila da. Erraz xurgatzen du hezetasuna, baina azkar lehortzen da eta bero-eroale ona da; horregatik, oso egokia da leku beroetarako.

Kotoia ere freskoa eta iraunkorra da. Kotoi-landarea klima tropikaletan eta subtropikaletan hazten da, eta, lihoa bezala, duela milaka urtetik erabiltzen da oihalgintzan. Kotoi-zuntzak loreak hiltzen direnean sortzen dira, hazien kanpoaldean, bola-itxuran bilduta.

Kotoi-bolak gehienbat zelulosaz daude osatuta (% 87-90 zelulosa da), eta, proteinak eta argizaria kentzeko hainbat tratamendu egin ondoren, zelulosa hutsez osatutako zuntzak gelditzen dira. Horiek harilkatuz eta ehunduz egiten diren oihalak aproposak dira leku beroetarako jantziak eta azpiko arropak egiteko, hezetasuna xurgatzen baitute eta oso erosoak eta freskoak baitira. Leku hotzetarako, berriz, kotoia orraztu egiten da, ehun iletsu eta beroa lortzeko.

Gaur egun, tratamendu teknologikoen bidez, ia-ia nahi den edozein ezaugarri eman dakioke kotoiari: ez zimurtzeko, iragazgaitz bihurtzeko... Hori dela eta, ez da harritzekoa ehungintzako zuntz naturalen % 40 inguru kotoizkoak izatea.

Ekialdeko xarma

Ehungintzan kotoia asko erabiltzen bada ere, askoren iritziz ezin du gainditu zetaren xarma. Zeta leuna, distiratsua eta irristakorra da, eta luxuaren ikur da antzinatik.

Kotoia eta lihoa oso aspalditik erabiltzen dira, eta biak ere oso egokiak dira klima beroetarako arropak egiteko.
S. Ausmus / ARS
Zetak animalia-jatorria du; hain zuzen, zeta-harrak sortzen du, tximeleta bihurtzeko egiten duen bidean. Dirudienez, K.a. 2700. urterako Txinan bazekiten nola aprobetxatu zeta-harrak egiten duen lana, eta mendeetan gorde zuten sekretu hura.

Harra, krisalida bihurtzeko prest dagoenean, zeta-kapulua egiten hasten da. Horretarako, burua 'zortzi' zenbakiaren itxuran mugitzen du, eta beheko barailatik hurbil dituen bi guruinek likido bat jariatzen dute. Airearekin kontaktuan, likido hori solidotu eta zeta-hari bihurtzen da. Aldi berean, harrak bi harizpiak batzen dituen goma bat jariatzen du. Hiru egunean, duen likido guztia zeta bihurtzen du. Kapulu batean, 1.300 metro zeta-hari biltzen da, eta 5.500 zeta-har behar dira kilo bat zeta ekoizteko.

Kapuluak tratatu egin behar dira zeta garbitzeko eta ehuntzeko. Bukaeran lortzen diren hariak oso arinak, iraunkorrak eta gogorrak dira, elastikoak eta ez-sukoiak, eta onddoek ez diete eraso egiten. Baina dena ez du aldeko: zeta eskuz eta ur hotzez garbitu behar da, lixibak kalte egiten dio, erraz zimurtzen da eta kontuz lisatu behar da.

Ehun artifizialak eta sintetikoak

Zetaren ezaugarri preziatuenak imitatu nahian, 1892an rayona asmatu zuen Hílaire Berniggaud kimikari frantziarrak. Hura izan zen lehen ehun

artifiziala, eta ordutik aurrera hamaika ehun artifizial eta sintetiko sortu ditu industriak.

Kapulu batean, 1.300 metro zeta-hari biltzen da, eta 5.500 zeta-har behar dira kilo bat zeta ekoizteko.
Science
Ehun naturaletatik abiatuta eta tratamendu kimikoak emanaz lortzen dira ehun artifizialak. Adibidez, rayona egiteko, zelulosatik abiatu zen Berniggaud. Disolbatzaileak erabilita, disoluzio lodi eta likatsu bat lortu zuen. Disoluzioa zulo ñimiñoak zituen xafla batetik iragazi zuen, eta, hala, likidoak harizpiak eman zituen. Azkenik, harizpiak lehortuta, erraz iruteko eta ehuntzeko moduko zuntzak lortu zituen. Hala jaio zen rayona.

Ehun sintetikoak, berriz, molekula txikiak erreakzionaraziz sortzen dira, polimerizazio-prozesu baten bidez. Prozesu horretan, monomero izeneko unitateak elkarri lotzen zaizkio, eta molekula konplexuak eratzen dituzte, polimeroak, alegia. Polimeroek ehungintzarako ezaugarri aproposak dituzte, arinak, iraunkorrak eta elastikoak baitira. Ehungintzan ez ezik, beste arlo askotan ere erabiltzen dira.

Lehen ehun sintetikoa, nylona, 1940an merkaturatu zen. Wallace Carothers-ek asmatu zuen bost urte lehenago, amida baten polimerizazioz. Polimero hark erraz ematen zituen harizpiak, baina merkatura atera zen nylonezko lehen produktua ez zen ehun bat izan, nylonezko zurdak zituen hortzetako eskuila bat baizik. 1939. urtea zen. Bi urte geroago, nylona erabat ezagutarazi zuen produktua merkaturatu zuen DuPont etxeak: nylonezko galtzerdiak.

Astronautentzat ESAk garatutako jantzi horrek hainbat osasun-parametro neurtzen ditu.
ESA
XX. mendean, ehungintzak etengabeko bilakaera izan zuen. Hamaika modutako ehunak sortzeaz gain, jantzigintzako teknologia ere aurreratzen joan zen. Eta garapen hura ez da inolaz ere gelditu. Hain zuzen ere, horretan jarri dute itxaropena europarrek eta estatubatuarrek, ikerketan eta garapenean, alegia. Txinak ekoizteko ahalmen ikaragarria du, eta mundu osoko merkatuetan nagusitzen ari dira, mendebaldeko ehungintza- eta jantzigintza-industriaren kaltetan. Horri nolabait aurre egiteko, Europako Batasunak eta AEBek egitasmo bereziak atera dituzte ikerketa bultzatzeko ehungintzan.

Etorkizuna ate-joka

Ikertzaileen ahaleginak emaitza ikusgarriak ematen ari dira. Adibide bat: garden bihurtzeko jantzia. Jantzi horrekin, leiho batetik begiratzean bezalaxe, atzealdeko eszenak ikus daitezke, tartean inor ez balego bezala.

Sekretua arroparen materialean eta kamera baten lanean dago. Kamera arropa berezi hori jantzita daraman pertsonaren atzean dago. Handik atzealdeko irudiak hartzen ditu, eta arropan proiektatzen ditu. Arropa, berriz, material fotografiko batez eginda dago, eta garbi islatzen ditu irudiak. Hartara, hori jantzita duen pertsona garden bihurtu dela ematen du. Magia dirudi, baina teknologia da, besterik ez.

Adibide praktikoagoak badaude, noski. Hona hemen askoren ametsa: bere kasa garbitzen den arropa. Ikertzaileak bide batetik baino gehiagotik saiatu dira horrelako arropa asmatzen. Adibidez, titanio dioxidozko nanopartikulak sartuz kotoian. Argi ultramorearen pean, titanio dioxidoak elektroiak askatzen ditu. Horiek aireko oxigenoarekin erreakzionatzen dute, eta oxigeno askea sorrarazten dute. Oxigeno askea oso erreaktiboa da, eta materia organikoa --zikinkeria-- deskonposatzen du. Erreakzioaren emaitza karbono dioxidoa eta ura da.

Nylona, lehen ehun sintetikoa, 1940an merkaturatu zen, eta izugarrizko arrakasta izan zuen.
UCLA
Beste ikertzaile batzuek zilarrezko nanopartikulak erabili dituzte ehun arruntetan sartu eta zikinkeria uxatzen duten arropak egiteko. Berez, ez du bere burua garbitzen, baina zikinarekiko eta urarekiko iragazgaitza da; ondorioz, ohiko arropak baino askoz ere luzaroago irauten du zikindu gabe.

Izerdi-usainaren eta mikroorganismo patogenoen aurkako arropa ere asmatu dute. Kasu horretan, N-halaminak txertatu dituzte kotoian. N-halaminek kloro-atomoak dituzte, eta kloroak izerdi-usaina sortzen duten bakterioak eta bestelako bakterio eta birusak hiltzen ditu.

Nanoteknologia tresna baliagarria bihurtu da oihalei nahi den ezaugarriak emateko. Bestetik, elektronikarekin uztartuta, zientzia fikziozkoak diruditen jantziak lortu dituzte. Elektroehunak edo jantzi adimendunak deitzen zaie, eta hamaika aplikazio dituzte: bihotz-taupaden erritmoa, odoleko glukosa-kontzentrazioa eta hidratazio-maila neurtzen duten arropak, elektrikoki berotzen direnak, lasterka egitean korrikalariaren abiaduraren arabera kolorez aldatzen diren jantziak... Etorkizuna hemen da.

16
Zorriek hitz egingo balute...
Alemaniako Leipzig institutuko antropologoek zorriaren DNA aztertu dute, bai gorputz-zorriarena ( Pediculus humanus humanus edo Pediculus humanus corporis , bi eratara deitzen baitzaio), bai buru-zorriarena ( Pediculus humanus capitis ). Ikertzaileen arabera, eboluzioaren bidean, buru-zorritik bereizi zen gorputz-zorria, eta espezie desberdin bilakatu zen, duela 70.000 mila urte inguru. Hortik ondorioztatu dute seguru asko orduan hedatu zela gorputz-zorriaren habitata, arropa, alegia. Eta, gainera, datak bat datoz Homo sapiens Afrikatik atera zen garaiarekin. Leku hotzagoetara migratzean arropen beharra izango zuela pentsatzea logikoa da. Beraz, orduan asmatuko zuen arropa gizakiak.
Buru-zorria.
(Argazkia: Glasgowko Unibertsitatea)
Baina ikertzaile gehienek uste dute gizakia lehenago ere janzten zela. Bestalde, Neanderthalgo gizakiaren tresnak aztertuta, badirudi hark larruak erabiltzen zituela gorputza estaltzeko. Horrek esan nahi du duela 300.000 urteko gizakiak agian bazituela arropak. Behar ere bai, izoztutako lurraldeetan ere bizi baitzen!
Eta, beharbada, Neanderthalgo gizakiak ere izango zuen bere zorria. Baina bizkarroiek ostalariarekin batera eboluzionatzen dutenez, zorria harekin batera desagertuko zen. Orduan, Leipzigen egindako ikerketa ez litzateke baliagarria izango jakiteko noiz asmatu ziren arropak, Homo sapiens -en zorriak bakarrik aztertu baitituzte.
Etiketari begira
Begiratu jantzita duzun arroparen etiketari. Askotan, kotoia edo artilearekin batera, edo horien ordez, bestelako izenak azaltzen dira: poliester, Lycra, Tactel, Gore-Tex... Horiek denak zuntz sintetikoak dira.
Mundrunetik, ikatzetik, amoniakotik, petroliotik eta industria-jardueraren zenbait albo-produktutatik abiatuta egiten dira. Polimerizazio-prozesuen bidez, erraz iruten eta ehuntzen diren erretxina sintetikoak lortzen dira. Emaitza: ehun elastikoak, arinak eta iraunkorrak.
Poliester-ekoizpena.
(Argazkia: Gea Group)
Polimerizazio-prozesuetan molekula txikiak batzen dira, molekula konplexuak sortzeko, eta, horretarako, bi erreakzio-mota nagusi erabiltzen dira: kondentsazioa eta adizio-erreakzioak. Kondentsazioz lortzen diren polimeroak hainbat luzeratakoak izaten dira. Adizio-erreakzioen bidezkoek, berriz, luzera espezifikoa izaten dute, eta, gainera, ez da albo-produkturik sortzen. Aldiz, kondentsazioz, ura, amoniakoa, etilenglikola eta halakoak sortzen dira.
Kondentsazioz sortutako zuntzen artean poliamidak, poliuretanoak eta poliesterrak daude. Nylona, ehungintzan asmatu zen lehen zuntz sintetikoa, poliamida bat da, bai eta perloia ere. Hori sarritan artileari edo kotoiari nahasten zaio, iraunkortasuna areagotzeko. Dacrona eta teritala, berriz, poliestirenoak dira, eta, iraunkorrak izatez gain, deformaezinak dira, eta ez dira zimurtzen.
Polimerizazioa.
(Argazkia: Artxibokoa)
Bestetik, adizio-erreakzioz sortutako polimeroen artean daude polietilenoa, polipropilenoa, polibinil kloruroa (PVCa) eta poliestirenoa.
Gure inguruan oso zabalduta daude Gore-Texa duten jantziak, batez ere mendirako eta aire zabalerako. Politetrafluoroetilenoa eta beste fluoropolimero batzuk nahasita eta hedatuz, mintz porotsu bat lortzen da. Hori da Gore-Texa.
Gore-Tex mintza.
(Argazkia: Gore-Tex)
Mintzaren poroak oso txikiak dira; hartara, ur-tantek ezin dira sartu, baina ur-lurruna atera daiteke. Horri esker, ehunak izerdiari kanporatzen uzten dio, baina euriari sartzen ez. Horregatik da hain egokia aire zabaleko jardueretarako.
Hori bezala, beste hamaika ehun sortu dira jarduera berezietarako. Eskerrak, hala ere, izen komertzialez merkaturatzen dituzten; bestela, bat baino gehiago beldurtuko litzateke halako poli... izenak irakurrita etiketan!
Galarraga Aiestaran, Ana
3
217
2006
2
033
Materialak; Teknologia; Fisika