Arriskuan dauden bizidunen argazkiak eta bideoak

ARKive proiektuak Interneten jarri ditu munduan zehar arriskuan dauden animalia- eta landare-espezieen argazkiak eta bideoak. Ekintza horrekin, publikoaren kontzientzia piztu nahi dute eta orain barreiatuta dagoen materiala gune batean bildu. Izan ere, bizidun horiek bezain mehatxatuak daude batzuetan haien argazki eta grabazioak.

www.arkive.org web gunean dagoeneko Britainia Handiko 600 landare eta animalia bakanenetakoen informazioa bildu dute, han jaio baita proiektua eta, orain, munduko atalari ekin diote. Atal horretan World Conservation Union erakundeak zerrenda gorrian jarritako 11.000 espezien argazkiak bilduko dituzte.

Argazkiekin batera espezie bakoitzari buruzko beste hainbat datu ematen dituzte: itxura, habitata, bizimodua eta soinuak, egokitzapen berezirik duen eta ingurunearekin nola elkarreragiten duen.

Argazkikoak, esaterako, Japoniako kurriloak dira. Sakratuak dira han eta fideltasunaren, zorte onaren, maitasunaren eta bizitza luzearen ikurtzat dituzte, baina oso bakanak ere badira.

Argazkia: Jean-Paul Ferrero/Auscape International

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali