Arriskuak airean
2001/03/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Orpoan eta zolan aire-poltsa duten zapatilak asmatu zituztenen asmoa kirolariek lurraren aurka egindako indarra arintzea zen. Ikerketa horrek, ordea, zapatila-mota hori lesio-eragile garrantzitsua dela agerian utzi du. Dirudienez, aire-poltsak oinak oreka galtzea eragiten du; ondorioz, jokalariak jauzi egitean edo biratzean, orkatila okertzeko arriskua du.
Ikerlariek 10.393 jokalari aztertu zituzten, bakoitza partidu osoan zehar, eta % 0,385 orkatil-lesio izan zirela ikusi zuten. Hala ere, lesio horietako batzuk jokatzen hasi aurretik behar bezala ez berotzeagatik izan ziren. Bestalde, lesioa izandako jokalariak berriro ere lesionatzeko arriskua bost aldiz handiagoa da. Izan ere, lesionatutako jokalarien erdiak baino gehiagok ez du sendagilearen laguntzarik eskatzen.
Hori guztia kontuan izanda, zapatilen aire-poltsek jokalarien orekan eta lesioak izateko arriskuan duten eragina zenbaterainokoa den zehazteko ikerketa gehiago egin behar dira. Gainera, beste zapatila-mota batzuk ere aztertuko dituzte, batzuen ustez, zolaren barnean gela dutenek ere antzeko kaltea eragin dezaketelako.
Adituek zapatila-mota guztiak ez direla kirol denetarako egokiak ohartarazten dute. Beraz, lesioak saihestu nahi izanez gero, norberaren ezaugarrien eta egiten den ariketaren arabera aukeratu behar dira oinetakoak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia