Arratoiaren garaia iritsi da
2001/03/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Science aldizkariak argitaratu duenez, giza genomaren sekuentziazioa bukatzen ari direnean, erronka berri bati ekiteko prest daude: orain arratoi norvegiar marroiaren txanda da. Estatu Batuetako bi elkarte pribatu eta ikasketa-zentro bat elkarlanean arratoi-genoma sekuentziatzen hasi dira eta dagoeneko jaso dute gobernuaren diru-laguntza.
Elkarte publiko eta pribatuek bultzatua, saguaren genoma sekuentziatzeko ekimena ere martxan da eta zirriborroa aurten aurkeztea espero dute. Hurrengo muga 2005. urtean jarri dute, ordurako bukatuta edo, behintzat, sekuentzia hutsunerik gabe izatea nahiko lukete.
Ikerlariek diotenez, arratoiaren genoma ezagutzea beharrezkoa da, arratoia fisiologiaren inguruko ikerketa-lanetan sagua baino gehiago erabiltzen delako eta karraskarien geneen funtzionamendua ulertzeko datu gehiago izango luketelako.
Biomedikuntza-ikerketan garrantzitsuenak diren hiru ugaztunen genomak ezagutzeak giza gaixotasunen genetikan eta fisiologian aurrerapauso izugarria ekarriko duela dio Francis Collins-ek, ekimenaren bultzatzailetako batek.
Arratoi-genomaren egitasmoak lehen lehiakide ziren zientzialariak batu ditu, guztien teknikak elkartuz. Esate baterako, Houstongo Medikuntza Fakultatea da ikerketaren buru eta Celera Genomics eta Genome Therapeutics enpresek beren sekuentziazio-boterearen indarra jarri dute ekimenaren zerbitzura.
Bi talde komertzialak abenduan ezarritako datu-askatasunari buruzko lege baten menpe daudenez, ezin dituzte datuak ikerketa pribaturako erabili ezta patentatu ere publiko egin aurretik. Dudarik gabe, ikerketaren gardentasunak azkartasuna eta eraginkortasuna ekarriko dio egitasmoari.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia