}

Arrasate inguruko altxor arkeologikoa

2002/06/16 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Euskal Herrian aurkitu den giza hezurrik zaharrena Lezetxikin zegoen, Neanderthalen garaitik zain.

Arrasate mendiz inguratuta dago. Milioika urtean, Deba eta Aramaio ibaiak elkartzen diren toki hori kareharrizko ingurunea izan da, kobazuloz betea. Horregatik, inguru horretan animalia asko bizi izan dira; klima gogorrak hala agintzen zuenean, babesleku aparta zegoen koba horietan, bai animalientzat eta bai, iritsi zenean, gizakiarentzat ere.

"Gizakiak Aramaio ibaiaren arroa aprobetxatzen zuen, hau da, seguruenik hori zen ehiza-lekua. Errinozero, mamut, uro eta bisonte asko ehizatu zituen, animalia handiak eta oreinak eta zaldiak ere bai. Arrasaten bizi den edozeinentzat txundigarriak da: Lezetxikin ere errinozeroen aztarnak agertzen ari dira" dio Alvaro Arrizabalaga arkeologoak, irribarretsu.

Arrasateko Lezetxikiko sarrera.

Arrizabalaga Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea eta EHUko historiaurreko irakaslea da. Aspaldidanik dabil indusketa-lanetan, Jesus Altunarekin batera. Oso egoera bitxian lan egin behar izan du askotan, eta gure haranetako lehen biztanleei buruzko ikerketen lekukoa izan dela esan daiteke. Baina ez lekukoa bakarrik, noski.

Gizakia Arrasate inguruko kobazuloetan bizi izan zen edo, behintzat, janaria lortzeko horietara sartzen zen: hienek eta hartzek ehizatzen zituzten animalien zatiak lapurtu ahal izateko, kobazuloetan miatu behar izaten zuten askotan.

Lehen 'arrasatearrak'

Zein izan ziren haran horietako lehen biztanleak? Erantzutea zaila da, hori jakiteko oso fosil gutxi daudelako. Europa-mailan hitz egin beharko genuke gutxi gorabeherako egoera bat deskribatzeko, eta, hala eta guztiz ere, fosil gutxi daude.

Atapuercan topatutako fosilek badute zeresanik kontu horretan: Neanderthal gizakiaern arbasoak izan zitezkeen espezie batzuen aztarnak atera dira bertatik; eta asko, gainera. Atapuercako eta Lezetxikiko zenbait fosilen ezaugarriak ez dira oso ezberdinak, eta, beraz, Burgosko aztarnategi ospetsu horretan ikasitakoa oso baliagarria suertatu zaie zientzialariei. Hala ere, ezin da Baieztatu Neanderthalak baino lehen norbait bizi zela han; hortik aurrerako aztarnekin saltsa handia dago.

Zer aurkitu zen, bada, Lezetxikin? Aita Barandiaranek, besteak beste, Neanderthal-emakume baten humeroa aurkitu zuen, oraingoz, Euskal Herrian aurkitu den giza fosilik zaharrena. Eta ez da kobazulo horretan lurperatuta zegoen fosil bakarra. Animalien hezurrak eta gizakiak egindako tresnak ere aurkitu dira bertan. Lurrean pixkanaka pilatu zen buztina, eta, beraz, garai bakoitzari sakonera jakin bat dagokio. Lezetxikiko indusketak ez dira bukatu: Aranzadiko arkeologoak gogor ari dira lanean, guztira bederatzi metro altu den buztin-piloaren erdia falta zaielako, gutxi gorabehera. Gero eta teknika hobeak dituzte arkeologoek eta gero eta jakintsuagoak dira.

Falgueres, CNRSko ikertzailea, geokronologiako laginak hartzen.

Lezetxikiko indusketa, bestalde, ez da lan erraza izaten ari. Izan ere, Abiadura Handiko Trenak kobazuloaren ataritik oso gertu pasatu behar zuen, baina, zorionez, arazoari irtenbidea eman zioten: "Aldez aurretik gestioak egiten direnean, askotan, tartekatuta ditugun mekanismoek funtzionatzen dute" dio Arrizabalagak. "Alegazioak garaiz eginda, trenaren ibilbidea lekuz aldatzea lortu dugu. 200 metro mugitu dute, eta guretzat 200 metro horiek oso garrantzitsuak dira".

Erreka zeharkatu eta bertan

Bailarako altxor arkeologikoaren historiak ezusteko harrigarriak ditu. Lezetxikitik lau bat kilometrora, beste kobazulo batean, talde berak indusketak egiteko aukera izan zuen. Beste aztarnategi hori jadanik ez da existitzen, errepide bat eraiki eta koba suntsitu egin baitzen.

Koba hori Deba eta Aramaio ibaiak elkartzen diren gunetik oso gertu zegoen. 1971n Arrasateko hiru gaztek hiena baten kaskezurra aurkitu zuten. Oso ondo kontserbatuta zegoen; beharbada, fosil gehiago aurki zitekeen. Baina kobazuloa proiektuan zegoen errepidearen ibilbidean zegoen. Aranzadi taldekoek hango fosil-altxorra erauzteko ahalegin handiak egin zituzten. Errepidearen proiektua ezagututa, Arrasateko Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri ziren; elkarrizketa horiek emankorrak izan ziren: errepidearen proiektua atzeratu egin zen, eta epe bat eman zitzaien arkeologoei indusketa egiteko.

Horrelako aztarnategi bat industea urtetako lana da, baina kasu horretan ez zegoen hainbeste denboran egiteko aukerarik, eta, beraz, beste estrategia-mota bat jarri zen martxan: materialaren hustuketa azkarra egin zuten, material hori gorde eta lasai aztertzeko. Arrizabalagak dioenez, "kobazuloa suntsitu egin zen, baina aztarnategia ez". Indusketa 1987ko irailean hasi eta 1988ko abenduan bukatu zuten arkeologoek.

Milaka urtetan zehar, kobazuloak harrizko estalkia galdu zuen, eta, horregatik, fosilak hondatu egin dira pixkanaka. Hala ere, Neanderthal gizakitik Cro-magnonerako 'trantsizioaren' garaiko aztarnak atera dira Labeko Kobatik. Zein egoeratan egon diren kontuan hartuta, aztarnak noizkoak diren esatea oso zaila da.

Dena dela, arkeologoen lanari esker badakigu giza jarduera egon dela Labeko Koban, antza denez, haragijaleak izan ziren toki berean. Agian nolabaiteko lehia izan zen belarjaleen okelarengatik. Azken horien aztarnak ere aurkitu dira kobazuloan. Nolako gatazkak izan ziren bertan? Zehazki ez dugu inoiz jakingo, baina arkeologoek idatzi dutenaren arabera, hienen eta gizakien kobazuloa izan zen Labeko Koba.

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia