Arrano arrantzalea bueltan
2009/10/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
"Logie berezia zen informazio asko ematen zuelako" dio Galarzak, "lehenengo aldiz jakin genuen arrano arrantzaleak zer egiten zuen Urdaibain". Izan ere, Logiek satelite bidezko transmisore bat zeraman soinean, eta, horri esker, haren joan-etorrien berri jakin zezaketen zehatz-mehatz.
Logieren egonaldiaren ondotik etorri zen Urdaibain arrano arrantzalea berreskuratzeko asmoa. Pasean nahiko arrunta izaten omen da arrano arrantzalea euskal kostaldean; eta hori bakarrik ez: "Antza --dio Galarzak--, orain dela lau bat urte egon zen bikote bat, ematen zuen errotuko zirela han, Urdaibain, baina ez zen hori gertatu". Horrelako kasuetarako, lau habia artifizial jarri dituzte uda honetan, Urdaibai Fundazioaren ekimenez eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin: artadian eta paduran, pinu garaien puntan hiru eta zutoin batean laugarrena.
Galarzak dioenez, "arrano arrantzalea erdi-koloniala da, eta leku egoki bat ikusten badu --eta leku egokia da beste bikote batzuk badaude eremu horretan--, hau da, ikusten badu habiak daudela, pentsatuko du eurentzat ere leku egokia dela ugaltzeko, eta, agian, gazteren bat [inoiz umatu gabea] gera daiteke Urdaibain. Banaketa-eremuak apurka-apurka joaten dira zabaltzen, olio-orban baten antzera, ez da agertzen bat-batean nukleo berri bat leku urrun batean". Hori kontuan izaten dute birsartze-programetan, arrano arrantzalearen biologiaren baitan baitago.
Eskoziako lana eredu
Urdaibai Fundazioko kideek Roy Dennis-engana jo zuten, adituetan aditu eta arituetan aritu arrano arrantzalearen birsartzean. Dennis Highland Foundation for Wildlife fundazioaren sortzailea da, eta haren lanari eta aholkularitzari esker berreskuratu da arrano arrantzalea Erresuma Batuko hainbat lekutan, besteak beste. Eskozian egindako lana, esate baterako, eredu gisa erabiltzen da. Izan ere, 1916an ez zen bikote bat bera ere geratzen, desagertua zen; baina 1954an bikote batek habia egin zuen, eta arrano arrantzalearen populazioa hazten hasi zen. 2001ean birsartze-programei ekin zieten. Rafa Saiz Itsas Enara ornitologia-elkarteko presidentearen esanean, "Han egin dituzten lanen ondorioz, gaur egun 200 bikotetik gora dira". Logie bera kolonia horretako kidea zen.
Eskozian, kanpotik ekarritako txitak hazi zituzten, Europaren iparraldetik eta Baltikotik ekarriak. Saizek dioenez, "iparraldean dago Europako populazioaren bastioia, batez ere Finlandian, Eskandinavian eta Baltikoaren inguruko herrialdeetan". Txitak bizileku berrira egokitzeko, hacking izeneko teknika erabili zuten: erdi-aske hazten dira txitak, habiak basoan daude, baina sare batez inguratuta txitak babesteko, eta zulo batetik elikatzen dira, janaria gizakiarekin ez lotzeko. Hori guztia txitak birsartu den lekua bere jaiolekua dela sinets dezan. Izan ere, arrano arrantzalea jaiolekuari oso lotuta dago: abuztu-iraila aldera hegoaldera migratzen du (Afrikako hainbat lurraldetara), bizpahiru urte egiten ditu han, eta udaberrian jaiolekura itzultzen da, habia bilatu eta bikotea osatzera; handik aurrera urtero egingo du migrazio-bide hori, eta leku berera itzuliko da umatzera. Hori dela eta, arrano arrantzalea birsartu nahi bada leku batean, estrategia eraginkorrena da txitari sinestaraztea han jaioa dela. Galarzaren ustez, "hori da forma seguruena ugalketa-nukleo bat lortzeko".
Estrategia hori erabili dute Andaluzian ere arrano arrantzalea sartzeko, eta, zazpi urteko ahaleginak eta gero, bi bikote umatu dira aurten: 50 urteren ondoren, lehenengoz, bost txita jaio dira Cadizen eta Huelvan, Barbateko urtegian eta Odiel ibaiaren paduran, hain zuzen ere. Eva Casado arrano arrantzalearen eta eguzki-arranoaren birsartzearen koordinatzailea da Andaluzian: "Gure kasuan, txitak Eskoziatik, Alemaniatik eta Finlandiatik ekarri genituen. Joan den urtera arte 108 izan ziren, eta aurten 27 ekarri ditugu. Hortaz, guztira 135 txita ekarri ditugu zazpi urtean Andaluziara".
Lan handia izan da, baina merezi izan duela uste du Casadok, eta ez dago ados gehiegizko esku-hartzea dela diotenekin: "Erabiltzen duten argudioa da natura bakean utzi behar dugula. Hori ideala litzateke, baina ez dugu natura bakean utzi gizakia gizaki denetik. Orduan, gizakiaren esku-hartzearen eraginez espezieak desagertu badira habitata suntsitu diegulako, basoak moztu, aintzirak lehortu ditugulako... berandu da esateko ez dugula esku hartuko. Gainera, kasu bakoitza partikularra da".
Arrano arrantzalearen kasuan, Europako populazioaren hazkuntzaren azterketa bat egin zuten. "Kalkulu bat egin genuen jakiteko zenbat denbora beharko zuen Europa iparraldean umatzen den espezie honek Iberiar penintsulara iristen, eta, onenean, 150 urte beharko lituzke". Orduan, erabaki zuten esku hartzea beharrezkoa zela arrano arrantzalea Andaluziara itzul zedin.
Erregistro historikoak falta
Casadok dio habitataren suntsipena izan zela arrano arrantzalea Andaluzian desagertu izanaren arrazoia. "Ezin izan da frogatu, garai hartako datuak jasotzea oso zaila baita. Baina arrano arrantzalearen gainbehera 60ko hamarkadan gertatu zen, bigarren etxebizitzaren booma izan zenean, kostan urbanizazioak eta hotel handiak eraikitzen hasi zirenean. Eta espezie hori kostan umatzen zen garai hartan".
Dena dela, ez omen litzateke harritzekoa arrano arrantzalea giza jardueren eraginez desagertu izana. "Arrano arrantzalearen habia oso erraz ikusten da" dio Galarzak, "eta arrantza egiten du; hortaz, lehiakidea da gizakiarentzat. Horregatik, desagertu izana normala da, eta leku oso urrunetan geratu da". Leku oso lasaietan bizitzera ohituta dago, hortaz.
Alde horretatik du zalantza gehien Galarzak, Urdaibai ez baita oso leku lasaia, "jendea dago edonon, motorrak edonora iristen dira...". Gainerakoan, janari aldetik behintzat, Urdaibai oso leku egokia da. Eta hala iruditu zitzaion Roy Dennisi duela urtebete egin zuen bisitan. Bere blogean jaso zuen ikusitakoaren berri: "Estuarioko Logieren kokaleku guztiak bisitatu ditugu, eta bertako ornitologoekin kostaldea arrano arrantzalearentzat egokia den eztabaidatu dugu. Sinesgaitza da estuarioetan eta kostaldean dagoen korrokoi piloa; beraz, ikaragarri erraza da janaria topatzea arrano arrantzalearentzat. Une honetan arrano arrantzale eme bat dago estuarioan, eta gazte bat ere ikusi dut estuario txikiago batean, eta mendebalderago, estuario handi batean, gutxienez hiru zeuden migrazioan, haietatik bi korrokoia jaten".
Dena dela, oinak lurrean ditu Galarzak. "Ez da erraza izango. Orleans basoen populazioa ezagutzen izan berri naiz, eta Lorraine-eko lagun batzuekin egon nintzen: Moselle ibaiaren ondoan aurten umatu dira lehenengoz, eta hamar urte dira habiak jarri zituztela". Beraz, emaitzak epe luzera espero dituzte, non eta ez duten Andaluziakoa moduko esku hartzeko plan bat martxan jartzen. "Ez dugu baztertzen birsartzea, baina oso konplexua da, eta ados jarri behar dira administrazioa eta herritarrak. Ikusiko dugu".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia