Arrainak bereizteko laguntza genetikoa
2002/12/04 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
AZTIk aurkeztutako lana ikerketa-lerro berri bati dagokio; elikagaiak eta
arrantza-produktuak prozesatu ondoren identifikatzeko balio duen metodo bati alegia. Mota horretako ikerketek duten eskaria ikusita, AZTIk Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Nekazaritza Sailaren babesa jaso du genetikako laborategi berri bat sortzeko.
Izan ere, azterketa genetikoak ahalmen handiko erremintatzat hartzen dira azkenaldian, ez bakarrik espezieak identifikatzeko, baita espezieen barneko arrazak, aldaerak eta populazioak identifikatzeko ere. Ikerketa berriak DNAren azterketan oinarritzen dira.
Orain arte, arrain freskoaren eta prozesatuaren identifikazioa proteinen azterketaren bidez egiten zen. Baina, metodo hori ezin da aplikatu arrain-kontserbetan, horiek denbora luzeko eta tenperatura altuko tratamenduak jasaten baitituzte. Tratamendu termiko horiek eta ondoren aplikatzen zaien esterilizazioak elikagaien proteinak eraldatzen dituzte eta, beraz, ezin dira erabili espeziearen markagailu molekular gisa.
Interes komertzialeko espezieen identifikazioak geroz eta garrantzi handiagoa du elikagaien industrian, alde batetik, enpresek berek darabilten lehengaia kontrolatzeko eta, bestetik, prozesatutako produktuen etiketetan iruzurrik egon ez dadin. Izan ere, komertzializaturiko produktuen egiaztatzea arazo larria da egun, produktuaren prozesamenduan kanpoko ezaugarriak galtzen baitira eta, ondorioz, ezin baita espeziea identifikatu. Kalkuluen arabera, munduan 25.000 itsas produktu eta haragi-produktu komertzializatzen dira jatorrizko espeziea zein den jakin gabe eta, ondorioz, etiketetan iruzurra gertatzen da.
Arrain-kontserben kasuan, aplikatzen zaien tratamendu termikoa hain gogorra izaki,
DNAk berak ere eraldaketak jasaten ditu. Hori dela eta, teknika genetikoak erabilita espezieak identifikatzea zaila da, erauzten diren DNA zatiak ez baitira nahiko handiak izaten. Hori gertatzen da Thunnus espezieko kontserbekin, esaterako.
AZTIko ikertzaileek PCR metodoan oinarritutako markatzaile genetikoa garatu dute, eta, metodo horren bidez, produktu freskoan, izoztuan eta prozesatuan atunaren familiako zein espezie den identifikatzen da. Orain, helburu bera lortu nahi dute bakailaoren familiarekin; bide horretatik, laster bakailaoaren familiako (gadidoen) 10 espezie komertzialen baino gehiagoren identifikazio-metodoa garatuko dute.
Lotura: http://www.basqueresearch.com
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia