Arrain-multzoak, lider robotiko bati segika
2010/06/20 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Arrainentzako “lider artifizial” bat sortzeak berebiziko garrantzia izan dezakeela uste du AEBko ikertzaile-taldeak. Baina halako gailuekin akuario handi bateko arrain-multzoei aurrea hartu eta guztiak sare batean sarraraztea lortzea baino harago doaz haien xedeak. Hain zuzen, uste dute eskuen artean darabilten robot txikiarekin zonalde arriskutsuak (zentral elektrikoen turbinak, kasu) saihesteko edo haietatik aldentzeko beta ere izango luketela arrainek.
Ikertzaileek diotenez, txori-saldoak ere leku batetik bestera gida litezke antzeko gailu robotikoekin, haiek bizileku dituzten zonaldeak suntsituko balira, adibidez —eta ez dute baztertzen, halaber, egunen batean gizakiak sute batetik onik irteteko ere baliagarri izan litezkeenik—. Baina horiek hipotesiak baino ez dira oraindik.
Aurretik ere garatu izan dira zenbait igerilari robotiko, kutsadura kontrolatzeko adibidez, eta saiakera ugari egin dira gailu haiei egiazko espezien itxura emateko. Eskuko granada baten antza du, ordea, orain aurkeztu berri duten robotaren prototipoak. “Zentzu horretan, beste batzuk baino askoz ere oinarrizkoagoa da geurea”, diote ikertzaileek.
Dena den, badirudi arrainek ez diotela horri garrantzi handirik ematen. New Yorkeko ikertzaileen esanean, arrainen liderrak besteengandik bereizten dituzten ezaugarriak bestelakoak dira: buztana azkarrago astintzen dute, atzera eta aurrera ibiltzen dira, eta azkartu egiten dituzte mugimenduak, beste arrainen arreta lortzeko; haiek guztiak taldera bildu eta multzoaren “gidaritza” hartzen dute horrela.
Urrutiko kontrola
Tanga biribil batzuetan beitaz elikatuta dituzten arrainen jokaera aztertzen dihardute New Yorkeko Unibertsitatean, fluidoen dinamikako printzipioak oinarri hartuta. Berriki Journal of the Royal Society Interface n eman dute beren lanaren berri.
Urrutiko kontrol bidez isilean igeri egiten duen arrain baten antzeko tresna sortu dute. Sakonera bakarrean egin dezake igeri; hurrengo urratsa urperatzeko eta azaleratzeko gaitasuna duten gailuak sortzea litzateke.
Beste espezie eta neurri batzuetako arrainak ez ezik, saldoek lider robotiko handiago bat ere onartuko luketela egiaztatu dute ikertzaileek. Gailuaren lokomozioa bizirik dauden arrainen antzekoa izan zedin bilatu dute. Horretarako, polimero ionikoak erabili dituzte; bateria batetik datozen estimulu elektrikoen ondorioz, haiek handitu edo txikitu egiten dira, eta robota propultsatu.
Halako propultsio-sistema berritzaileak oinarri hartuta, ur-inguruneetan energia lortzeko polimero ionikoak erabiltzeko aukerak ere ari dira aztertzen. Zurrunbilo eta bibrazio txikietatik eratorritako energia aprobetxatzea lortuko luketen ur-azpiko mikrosentsoreak garatzea dute helburu. Gainera, arrain-robotaren teknologia bera lagungarri egiten ari zaie ikertzaileei: bateriarik gabe funtzionatzen duten muskulu artifizial berriak ere garatu nahi dituzte
Bitartean ikerketak aurrera doaz. Besteak beste, arrainen adimena, kalkuluak egiteko gaitasuna eta harrapariengandik ihes egiteko dituzten moduak gertutik ezagutu nahi dituzte, gero beste espezie bizi batzuen inguruko pista gehiago lortze aldera.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia