}

Arrain-hazkuntza, arrantzaren ordezko?

2002/01/13 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Itsasoa betidanik izan da gizakiarentzat elikadura-iturri oparoa. Gaur egun, itsasoa lehen bezain zabala izanagatik ere, arrain gutxiagoren bizilekua da. Neurrigabeko arrantza, nonahitik datorren poluzioa eta, laster batean, genetikoki eraldatutako arrainak dira itsasoaren mehatxu nagusiak.

Azken urteetan arrantzarako teknikak hobetu badira ere, porturatzen den arrain-kopurua ez da emendatu. Arrazoia? Bat eta bakarra. Urte luzetako neurrigabeko arrantzek agortezina zirudien itsasoa ia-ia hustu egin dute. Kalkulatzen denaren arabera, arrain stocken % 44tan arrantza zitekeen kopurua jadanik bete da eta beste % 25etan gehiegi arrantzatzen da. Duela urte batzuk adina arrain harrapatzeko, arrantzaleek gero eta material sofistikatuagoa eta denbora gehiago behar dute. Beste kasu batzuetan, gehiegi arrantzatzea baino kaltegarriagoa da ugaltzeko denborarik izan ez duten arraintxoak harrapatzea. Kalkulatzen denaren arabera, zulo txikiegiko sareak erabiltzeagatik, arrantzatzen denaren % 25ak ez du komertzializaziorako araututako tamainarik.

Neurri batean arrain-hazkuntzak ordezka dezake arrantza, baina, kalitatea berbera al da?

Eskualde batzuetan egoera oso larria da eta, zerbait harrapatzekotan, ekosistema guztia kaltetzen duten pozoiak erabili behar dira. Eta horixe egiten da, gainera, ekosistema urte luzetarako erabat biluztu eta antzutu baizik ez dela egiten konturatu gabe

edo, okerragoa dena, konturatuta!

Egoera benetan da kezkagarria, baina adituek diotenez, oraindik posible da arrain populazioa berreskuratzea arrantza neurtuta. Baina horretarako beharrezkoa da kuotak zehaztea eta, batez ere, errespetatzea. Hala ere, harrigarria da presioen aurrean naturak nola erreakzionatzen duen ikustea. Arrain batzuek aparteko gaitasuna erakusten dute egoera berrietara egokitzeko. Sardinzarrak, adibidez, lehen baino denbora gutxiagoan heltzen dira ugalkor izatera.

Baina zer egin arrantza gutxituz gero? Osasunarentzat ona den arraina menutik baztertu behar al dugu? Lehen esan bezala, arrantza urte luzetan segurtatzeko nahikoa litzateke behar bezala neurtzea, baina badago beste irtenbide bat; akuikultura, hain zuzen ere. Nekazaritza bezain hedatuta egon ez arren, aspaldiko jarduera da, eta itsasoa ez husteko irtenbidea izan baliteke ere, baditu alde txarrak ere, batez ere, azken urteetako aldaketei erreparatzen badiegu.

Haztegietako arrainak

Kalkulu guztien arabera, arrain-hazkuntza 2.000 urte baino gehiago dituen jarduera da. Ekialdean hasi ziren jarduera hori lantzen, baina Erdi Arorako Europaraino hedatu zen. 70eko hamarkadan teknikak garatu egin ziren eta karparenaz gain, izokin- eta amuarrain-hazkuntzak ere martxan jarri ziren Norvegian eta Eskozian. Gaur egun, bisigua, lupia, erreboiloa eta beste arrain batzuk hazteaz gain, alga, muskuilu, txirla eta ostrak ere hazten dira.

Urtean 100 milioi tona itsas produktu (arrain, krustazeo eta txirla) kontsumitzen dira; horietatik hamarren bat arrain-hazkuntzako ekoizpenak dira. Txina da ekoizle nagusia. Hala ere, kontuan hartu behar da ur gezako arrain-hazkuntza askoz hedatuagoa eta teknikoki kontrolatuagoa dagoela eta, beraz, ur gezako askoz arrain gehiago ekoizten dela itsasokoa baino.

Neurrigabeko arrantzaren ondorioz itsasoa husten ari da.

Arrain-hazkuntza uraren kalitatearekiko exijentzia handiak dituen industria da, baina, paradoxikoki, hondakin asko sortzen du, (elikadura hondarrak eta animalien iraizkinak) eta, ondorioz, poluitzaile handia da. Dena dela, hondakin horiez gain, arrain-hazkuntzak badu hain nabaria ez izanagatik ere arriskutsua den beste alde txar bat: arrainen ihesa. Arrain horiek espezie basatientzat arriskutsuak izan daitezke, batez ere aurrerantzean hazkuntzarako genetikoki eraldatutako arrainak erabiltzen badira.

Oraingoz, hazkuntza lasterragoa izan dezaten, arrain espezie batzuk manipulatu egiten dira, baina ez genetikoki. Manipulazio horien helburua arrainek ugaltzeko faserik ez izatea da. Horretarako, arrautzei bat-bateko presio edo tenperatura aldaketak jasanarazten zaizkie eta, horrela, arrautza horietatik jaiotzen diren arrainak triploide jaiotzen dira. Hau da, arrain horiek zelulako bi kromosomoa-pare eduki beharrean hiru izaten dituzte. Horrela, arrainak antzuak dira eta ez dute ugalketa-organoak garatzeko energiarik kontsumitzen; jaten duten guztia haztera bideratzen dute. Amuarraina da merkaturatzen diren arrain tripolideetako bat.

Ostren kasuan, triploideak ekoizteak baluke beste abantaila bat ere. Ostrak uda partean egoten dira ugaltze fasean, eta, garai horretan, jateko batere erakargarria ez den mukus handia izaten dute. Ostra triploideak urte osoan izango lirateke jangarriak. Hala ere, oraindik ez da ostra triploiderik ekoizten, askoren ustean bere ospea galdu egingo bailukete.

Genetikoki eraldatutako arrainak

Adituek diotenez, oraindik posible da arrain populazioa berreskuratzea arrantza neurtuta.

Arrain espezie askoren hazkuntza-prozesua oso luzea da, batez ere hazlearen ikuspegitik begiratuz gero, eta, ondorioz, askoren helburua hazkuntza garaia laburtzea da. Horregatik, industria horretan ere genetikak bide luzea egingo duela aurreikusten da.

Hazkuntzarako egokiak diren arrainekin egin diren lehen manipulazio genetikoen helburua gizakiaren edo beste animalia baten hazkuntzaren erantzule den genea sartzea izan da. Esperientziak karpekin, izokinekin eta amuarrainekin egin dira eta, hasiera baten behintzat, emaitzak ez dira espero bezain onak izan: arrain horiek, hazkuntza lasterragoa izanagatik ere, komertzializatzeko batere erakargarriak ez ziren malformazioak zituzten.

Baina zientzialariak tematiak dira, eta ez zuten horrenbestean eraldaketa genetikoaren ideia erabat baztertu. Kanadako ikertzaileei izokinaren hazkuntza-genea manipulatzea otu zitzaien eta, zenbait trikimailuren ondoren, bingo! Izokinak bi aldiz lasterrago hazten dira! Oraindik, legeak ez du genetikoki eraldatutako arrainak komertzializatzeko baimenik eman, baina legedia laster egokitzen da aurrerapen teknologiko eta zientifikoetara eta laster batean ikusi ahal izango ditugu arrainok gure menuetan.

Akuikulturaren beste ekoizpenak

Itsas produktuak ez dira arrainak bakarrik, eta akuikulturak ez ditu algak, muskuiluak eta itsaskiak baztertzen.

Arrain stocken % 40tan arrantza zitekeen kopurua jadanik bete da.

Europako sukaldaritzan algak ez dira maiz erabiltzen eta biltzen diren alga gehienak farmazia- eta elikadura-industrian erabiltzen dira. Baina Asian egoera oso bestelakoa da eta alga-hazkuntza etorkizuneko jarduera izango da. Gaur egun, Asian 2,5 milioi tona alga ekoizten da.

Moluskuak eta itsaskiak eskualde hauetako elikadura-ohituretan errotuagoak daude eta, beraz, hazkuntza garrantzitsua egiten da. Ostrak eta muskuiluak dira gehien hazten direnak. Frantzian, esaterako, Arcachon eta Ile de Ré inguruan, 148.000 tona ostra eta 64.400 tona muskuilu ekoizten da urtero eta, Galizian, berriz, 250.000 tona muskuilu. Pazifikoan bieirak, Japonian txirlak eta Asia osoan izkirak eta ganbak asko ekoizten diren produktuak dira.

Ohizkoa ez den arren, beste ekoizpen bat ere badago: perladun ostrarena. Pertsiar Golkoan eta Pazifikoko iparraldeko irletan ekoizten da eta perlek jende aberatsaren lepoan amaitzen dute.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia