Arnasbide naturala lurraren berotzearen aurka
2001/03/07 Elhuyar Zientzia
Jakina denez, lurraren tenperatura igotzen ari da eta horrek sortu dituen eta sor ditzakeen arazoak kezka-iturri dira. Hala ere, Ozeano Pazifikoaren gaineko hodeietan lurrarentzako arnasbide natural bat dagoela diote Nature aldizkarian.
Arnasbide horren hedadurari buruz azterketa gehiago egin behar diren arren, argi dago aurrerantzean eredu klimatiko globaletan hodeiak kontuan hartu beharko direla. Ikertzaileek satelite bidezko neurketak erabili dituzte, alde batetik itsas azaleko tenperaturaren datuak biltzeko eta, bestetik, Australiatik Hawaii uharteetara Ozeano Pazifiko ekuatoriala estaltzen duen hodei-geruza neurtzeko. Meteorologoek itsas azaleko tenperaturak eta, ondorioz, itsas gaineko atmosferakoak, beroagoak direnean, ez direla zirruak sortzen ikusi dute.
Zirruak eguzki-izpiak islatzen ez dituzten izotz-kristalez eginak dauden hodeiak dira; beraz, lurretik kanporatzen den bero infragorria lurrera itzultzen dute. Kumuluek, aldiz, eguzkitik babesten duen luma-itxurako geruza mehea eratzen dute, eguzki-izpiak espaziorantz islatuz.
Meteorologoek diotenez, zirru eta kumuluen arteko erlazioa tenperaturaren arabera aldatzen da. Hozte-sistema natural horri esker, tenperatura igotzen denean, zirru gutxiago sortzen dira. Orain arte, ordea, lurraren berotzearen gaineko iragarpenetan zirruen eta kumuluen eragina kontuan hartu ez denez, iragarpen horiek gehiegizkoak izan daitezke. Erabilitako ereduaren arabera, lurraren berotzea 1,5-4,5 °C-koa izango litzateke, baina Pazifikoko arnasbidearekin egindako kalkuluetan gradu-erdia edo gradu bat gutxiagokoa litzateke.
Azterketa horrek emandako emaitzak itxaropentsuak badira ere, sakontzen jarraitu behar dute eta ondorioak maila globalean aplikatu, ea mundu osoan egiaztatzen den fenomeno hori.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia