}

Armiarma-sareen gogortasuna

2001/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzialariek aurkitu dutenaren arabera, Nephila clavipes armiarmak sareak egiteko erabiltzen duen zeta zetarrek harilkatzen dutena baino gogorragoa eta elastikoagoa da. Izan ere, gizakiaren ilea baino meheagoa bada ere, altzairua baino gogorragoa eta edozein polimero-zuntz baino elastikoagoa da. Hori ikusita, zientzialariak zeta kodetzen duten geneen sekuentzia aztertzen hasi dira, amaraunaren egitura molekularra eta sarea harilkatzeko modua aurkitzeko. Hartara, egun zuntz sintetikoekin egiten diren hainbat produktu (suaren eta balen kontrako jantziak, kirol-erraketak, hegazkinen hainbat osagai, etab.) material berri horrekin egin ahalko lirateke.

Armiarmaren zeta proteina-molekula luzeek osatzen dute eta molekula horiek egiturarik gabeko sare batean finkatutako eskualde kristalinoak eratzen dituzte. Egiturarik gabeko eskualde amorfoak erraz luzatzen direnez, zeta elastikoa da. Bestalde, kristal-egiturak helize eta tolesduretan mantentzen dira eta horrek gogortasuna ematen dio amaraunari. Zuntz sintetikoek ere kristal-egiturak izaten dituzte; baina egitura hori lortzeko, polimero-kateek tenperatura eta presio handiak jasan behar dituzte eta, gainera, azidotasun handiko disolbatzaile organikoak erabili behar dira.

Oxford-eko Unibertsitateko Vollrath eta Knight zientzialarien arabera, sarea harilkatzen hasteko labaingarri likido kristalino bat erabiltzen dute armiarmek. Labaingarri horren % 50 inguru zeta-proteinek osatzen dute. Industrian, berriz, ezinezkoa da hain disoluzio kontzentratuak ekoiztea, likatsuegiak baitira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia