}

Armiarma-sareak zergatik dira elastikoak?

1993/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Denok behatzez zanpatuta ikusi ahal izan dugunez, armiarma-sareak oso elastikoak izaten dira eta horren zergatia Fritz Vollrath eta bere lankideek argitu dute Basileako unibertsitatean.

Mikroskopio elektronikoan 1.500 aldiz handiagotuta, armiarmaren zetazko hari honek bihurgunezko pilo bat duela ikusten da. Hegan ari den intsekturen batek, adibidez, haria zanpatzen duenean, bihurguneak tirata zuzendu egiten dira eta ondorioz haria luzatu egiten da. Presio egiteari uzten zaionean, haria berriz ere bihurritu eta bildu egiten da.

Irudian erakusten den haria Aradeus diadematus armiarmarena da, eta guztiz injineru trebea denez gero, hariak jasan behar duen kargaren arabera beste sei hari-mota ere irun ditzake.

Sarearen bastidorea egiteko zeta zurruna edo “lehorra” erabiltzen du (% 25eko luzapen-indizea besterik ez duena) eta bere forma ordu batzuk igaro ondoren hartzen du.

Intsektuak harrapatzeko espiraleko zeta berriz, bikoitza eta itsaskorra da; aireko hezetasuna hartzen duena (hidrofiloa) eta luzapen-indize handia (% 400ekoa) duena.

Hari-mota indartsuena arrautzak gordetzeko kuskua egitekoa da. Esan beharra dago armiarma-sarea hausten bada armiarmak jan egiten duela, horrela beste bat egin aurretik proteinak eta ura zurgatzearren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia