Armiarma-sare gogorragoa
2009/06/07 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
Zuntz likatsua da zeta, eta, hortaz, intsektuak ehizatzeko egokia. Sarean itsatsita ez geratzeko olio-geruza bat du hanketan armiarmak, eta, horri esker, harrapakinak sarea jo eta segundo gutxian etortzen zaio gainera. Zetaz bildu eta harrapatuta geratzen da intsektua, mugitu ezinik. Izan ere, berebiziko erresistentzia eta gogortasuna du zetak. Munduko zetarik gogorrena armiarmek egiten dutena dela ere esan izan ohi da, pentsa.
Metalen laguntza
Armiarma-sarearen proteinak kremailera baten bi aldeak bezala lotzen dira. ( Randy Lewis )
Arkatz baten lodiera balu, hegan doan Boeing 747 bat gerarazi ahal izango lukeela esan izan da. Balen kontrako jakak egiteko erabili dute militarrek, eta begietako ebakuntzetan puntuak josteko, berriz, medikuek. Erresistentzia horri esker, industria teknologikoaren altxor txikia bihurtu da zeta. Litekeena da etorkizuneko altxorra izatea, haren inguruko ikerketek ez baitute etenik.
Zeta horren gogortasuna edo erresistentzia areagotzeko eta aplikazio berriak aurkitzeko, intsektuen nahiz bestelako zenbait izaki bizidunen gorputz-ataletan metalek duten portaera imitatu nahi izan dute, nolabait, Alemaniako ikertzaileek. Izan ere, zenbaitetan, intsektuen nahiz bestelako izaki bizidun batzuen barailek, eztenek eta hatzaparrek metal-kantitate txikiak izaten dituzte proteina-egituretan, eta oso gogorrak bilakatzen dituzte material horiek.
Urre-armiarmak zeta polimerizatu berria jariatzen duten milaka guruin ditu abdomenean, eta ikaragarrizko sarea eratzen du. (Werewombat )
Zetan efektu hori bera lortzeko, zenbait metalen ioiak —hala nola zinka, aluminioa eta titanioa— txertatzen dituzte zetazko armiarma-sarearen zuntzen proteina-egituretan ikertzaileek. Zenbait esperimentu egin badituzte ere, oraindik ez dute oso argi zerk eta nola ematen dion gogortasun hori materialari. Alegia, atzean ezkutatzen den mekanismoa ez dute zehatz-mehatz ezagutzen. Uste dute atomo metalikoek beren artean lotzen dituztela proteina-molekulak. Normalean, hidrogeno-atomoek osatzen dituzte armiarma-sarea osatzen duten molekulen arteko loturak. Kasu honetan, berriz, litekeena da metalen ioiak txertatzean hidrogeno-lotura horiek zertxobait ahultzea, eta, hortaz, atomo metalikoak gune horietan sartu eta lotura sendoagoak osatzea.
Nolanahi ere, ikusi dute zeta hori metalik gabeko zeta baino zortzi aldiz gogorragoa dela, eta ez da gutxi. Ikertzaileen ustez, etorkizun hurbil batean litekeena da beste hainbat aplikazio izatea, besteak beste, eraikuntzaren, aeronautikaren eta espazioko teknologien alorretan. Halaber, hezurretako nahiz tendoietako lesioak sendatzeko erabiltzen diren ehun artifizialak erresistenteago bilakatzeko lagungarri izatea ere espero dute.
Gainera, armiarma batek sei zeta-mota desberdin ekoitz ditzake, erabileraren arabera. Oro har, armiarmek sortzen duten zeta-kantitatea ez da oso handia izaten. Hortaz, horixe izan liteke arazoa, arazorik izatekotan. Dena den, ikertzaileak baikor daude. Izan ere, teknika horri esker, material berriak garatuko dituzte. Halaber, uste dute lagungarria izango dela gaur egun material naturalak imitatzen dituzten zenbait material sintetikoren ezaugarriak hobetzeko.
7k-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia