Armiarma-hariaren memoria
2006/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eskalatzaile bat paretatik askatu eta sokatik zintzilik geratzen denean, zergatik ibiltzen da bira-biraka denbora luzez, eta aldiz armiarma geldirik egoten da bere haritik zintzilik? Materialen memorian dago aldea.
Ikerketa dezente egin dira armiarma-hariaren ezaugarriak ezagutzeko eta, horietan oinarrituta, polimeroen industrian aplikazioak bilatzeko. Azkenekoa Frantziako Ikerketa Zentroko ikertzaileek egin dute; hain zuzen, armiarma-hariak bihurritu ondoren aurreko itxura hartzeko zenbat denbora behar duen aztertu dute. Eta ikusi dutenez, armiarma-haria 90º bihurritu eta gero, berehala hartzen du hasierako itxura. Horregatik esan dute ikertzaileek hariak itxuraren memoria ona duela. Dirudienez, armiarmarentzat ona da zintzilik dagoenean geldirik egon ahal izatea; horri esker, etsaiek ez dute erraz ikusten.
Horretaz gain, frogatu dute hariak ez duela propietaterik galtzen behin eta berriz bihurrituta ere. Bestalde, armiarma-haria polimero sintetikoekin alderatu dute, eta dituen abantailak nola aplikatu aztertzen ari dira orain.