}

Armiarma ez da erortzen atomoek eusten diotelako

2004/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Atomoak elkarri lotzen zaizkion indarretako baten bitartez itsasten zaizkio armiarmak edozein gainazali.

Atomoak elkarri lotzen zaizkion indarretako baten bitartez itsasten zaizkio armiarmak edozein gainazali, Van der Waals indarraren bitartez alegia. Indar hori atomoen arteko elkarrekintza elektrostatikoan oinarrituta dago, eta erraz ulertzen da oso gauza txikietan izatea eragina. Baina, harrigarria bada ere, armiarmei ere eusteko modukoak dira indar horiek, buruz behera ibiltzen direnean ere.

Hori baieztatzeko, Alemaniako eta Suitzako ikertzaile batzuek mikroskopio elektronikoz aztertu dituzte Evarcha arcuata armiarmaren hankak. Ile txikiz beteta dituzte, eta ile bakoitza ere ile mikroskopikoz osatuta dago.

Ikertzaileek beste mikroskopio zehatzago batekin jarraitu zuten ikerketa, indar atomikoko mikroskopioarekin, hain zuzen ere. Mikroskopio horrek, molekulen tamainako gauzak ikusi ahal izateaz gain, atomoen arteko indarrak neurtzen ditu. Horrela lortu dute jakitea ile mikroskopikoek egiten duten indarra, hau da, armiarmak duen itsasteko gaitasuna, oso handia dela armiarmaren tamaina kontuan izanda.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia