}

Arkimedes

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(K.a. ~ 287-?)

Arkimedes Siciliako Sirakusa-n jaio zen Kristo aurreko 287. urte inguruan. Bere garaiko zientzilari eta matematikaririk ospetsuena dugu dudarik gabe.

Alexandrian egin zituen ikasketak, baina ez zuen bertan gelditu nahi. Sirakusa-ko Hieron erregearen ahaide zen eta etxera itzultzea erabaki zuen.

Arkimedes-ek palankaren legeak aztertu zituen. Hark palanka hartu eta indar txiki bat aplikazio-puntutik urruti ezarri zion. Orduan, euste-puntutik hurbil zegoen pisu handia altxatu egin zuen. Harri handi bat adibidez, barra baten bidez zergatik mugitzen zen adierazi zuen Arkimedesek. Palankaren printzipioan oinarrituz, bere esaldi famatu hura entzun zioten orduan: "Aplikazio-puntu bat eman eta Lurra mugitu egingo dut".

Esaldi hura entzutean, Hieron erregea ez zegoen ados. Indar txiki batez Lurra mugitzea ez zen posible, ezta Lurra baino txikiagoa zen pisu handi bat ere.

Historiak dioenez, Arkimedesek polea eta palankaz sistema bat eraiki zuen portuan. Gero itsasuntzi handi bat kargaz bete zuten eta Arkimedesek esku batez desplazatu egin zuen. Ura ateratzeko zilindro helikoidala ere Arkimedesek asmatu zuela esaten dute. "Arkimedesen torlojo" deitzen zaio orain ere.

Matematikaren arloan lan bikainak egin zituen. "Pi" zenbakiaren balioa kalkulatu zuen. Zirkunferentzia eta diametroaren arteko zatidurak 223/71 baino gehiago balio zuen eta 220/70 baino gutxiago.

Baina aurkikuntzarik garrantzitsuena beste bat izan zen. Behin Hieron erregeak horrela hitz egin zion: "Begira Arkimedes. Bitxigile batek koroa hau eman dit. Urre hutsez egina dela esan dit, baina ez dakit hori egia den ala ez. Zuk froga ezazu. Tori. Koroa puskatu gabe frogatu behar duzu".

Arkimedesek ez zekien zer egin. Agian koroak urrea eta beste metal bat izango zituen nahastuta. Baina koroa puskatu gabe, nola jakin?

Denbora luzez egon zen Arkimedes pentsatzen. Egun batez bainu-ontzira sartu zenean urak gainezka egin zion. "Kontxo!" -pentsatu zuen- "Gainezka egin duen uraren bolumena eta uraren barruan dagoen nire gorputzaren bolumena berdinak dira. Beraz, lehendabizi koroa uretara sartuko dut eta zenbat urek gainezka egin duen neurtuko dut. Ur horren bolumena eta koroarena berdinak izango dira. Horrela koroaren bolumena kalkulatuko dut".

Eta Arkimedesek ondoren, bigarren urratsa eman zuen:

"Koroaren bolumena badakit. Beraz, orain bolumen berdineko urre hutsa hartuko dut. Balantzan ipiniko ditut biak: alde batean koroa eta bestean bolumen berdineko urre hutsa. Koroa urrez bakarrik egina baldin bada, balantza orekan geldituko da. Bestela ez. Eureka!".

Arkimedes berehala atera zen bainugelatik erabat poztuta. Biluzik joan zen Sirakusa-ko kaleetan zehar erregearen jauregira. Bitxigileari lepoa moztu zioten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia