Ariketa fisikoaren aldeko politikek eragin eskasa izan dute globalki


Ondorio honetara iritsi dira ariketa fisikoaren bilakaera mundu-mailan aztertu duten hiru ikerketa: azken 20 urtetotan gero eta egitasmo publiko gehiago jarri diren arren ariketa fisikoa bultzatzeko, populazioan ez dute arrakasta handirik izan, eta arrakala sozialak eta generoaren araberakoak nabarmenak izaten jarraitzen dute.

Nature Medicine eta Nature Health aldizkarietan argitaratu dituzte hiru lanak. Haien arabera, hiru heldutik batek eta zortzi gaztetik batek ez dituzte betetzen Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuak. Administrazioei dagokienez, askotan ez dituzte kontuan hartzen gurutzatzen diren sail guztiak: mugikortasuna, hezkuntza, hirigintza… Eta ezartzen diren helburuak ere, sarri, ez dira neurgarriak, eta, beraz, ezin da jakin zenbateraino lortzen diren.

«hiru heldutik batek eta zortzi gaztetik batek ez dituzte betetzen Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuak»

63 herrialdetan egindako azterketaren arabera, herrialde ekonomikoki aberatsetan, gizonen artean, ohikoa da aisialdian ariketa fisikoa egitea. Beste muturrean daude herrialde ekonomikoki pobreetako emakumeak. Aldiz, bizimoduari lotutako jarduera fisikoa (lan gogorra, bizikletaz ibiltzea…) ohikoagoa da azken herrialde horietan.

Ikertzaileek iradoki dute klima-aldaketari aurre egiteko politikak eta ariketa fisikoaren aldekoak elkarrekin bultzatu daitezkeela. Adibidez, bizikletan edo oinez ibiltzeak bietan da onuragarria. Dena dela, ohartarazi dute kirola ez dela beti onuragarria klimarako, eta kirol-proba handiek sortzen dituzten karbono-isuriak ekarri dituzte gogora.

Oro har, hiru ikerketak bat datoz ariketa fisikoa behar baino gutxiago egitea osasun publikoko arazo globala eta iraunkorra dela. Hari aurre egiteko, ikuspegi sistemikoa behar dela adierazi dute.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali